Janari bilketetan batzen ez diren produktuak erosi ahal izateko hilabetero erregularra izango den diru sarrera baten beharrean daudela diote.
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak Lekeition sortutako Elkartasun Biltegiak urtea beteko du urtarrilean. Funtsean, Elkartasun Biltegiak hilabete amaieran janari eta produktuen otzara bat eramaten die gehien behar duten herritarrei. “Horrela, beharrak asetzearen bidez, proletalgoari antolatzeko bitarteko bat eskaintzen diogu”, esan dute. Baina saski horietan herritarrek ematen ez dituzten produktuak sartzeko diru ekarpenaz baliatzen direla diote. “Hilabetero erregularra izango den diru sarrera baten beharrean gaude, bilketetan batzen ez diren produktuak diru horrekin erosi ahal izateko”.
Esan dutenez, supermerkatuetako bilketek ez dute hilabetero familia eta norbanako guztientzako erregularra izango den saski bat egiteko bermerik ematen. “Beraz, hilabetero 10 euro edo gehiagoko ekarpen ekonomikoa egiteko prest dauden laguntzaileen bila gabiltza. Egonkortasun ekonomiko bat dutenek egin dezaketen ahalegina dela uste dugu, gure jardunean laguntza handia suposatuko duena”. Laguntzeko prest daudenek 688 75 64 91 telefono zenbakira deitu edo idatzi dezaketela esan dute. “Argibideak ere emango dizkiegu”. Oro har, gaineratu dute Elkartasun Biltegian “dozenaka sarekide” daudela eta horiek astero dauden bilketetan eta ekintzetan boluntario legez parte hartzen dutela.