Lau zauritu Markina-Xemeingo anbulantziak Zornotzan edukitako istripuan
Istripua AP-8 autobidean gertatu da, anbulantzia ospitalera bidean zihoala. Hiru osasun langile eta anbulantzia garraiatzen ari zen herritarra dira zaurituak.
Osakidetzako Markina-Xemeingo anbulantziak eta kamioi batek talka egin dute gaur goizaldean [azaroak 3], 03:05ak aldera, AP-8 autobidean, Zornotza parean. Istripuaren ondorioz, lau pertsona zauritu dira, hiru osasun langile eta anbulantzian zihoan herritarra.
Azaldu dutenez, Markina-Xemeingo anbulantzia herritar bat ospitalera eramatera zihoan; herritarra Gurutzetako ospitaleko zaintza intentsiboetan dago, larri. Anbulantziako osasun langileak ere ospitalera eraman dituzte, baina “onik” aurkitzen direla esan dute. Anbulantziak kalte handiak jasan ditu.