Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketa abiarazi dute Mutrikun
Lehiaketan edozein mutrikuarrek parte hartu dezake; parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkeztu ditzake. Argazkiak liburutegian aurkeztu behar dira. Sari banaketa abenduaren 10ean egingo dute.
Azaroaren 18a da Iñigo Andonegi Argazki Lehiaketara lanak aurkezteko azken eguna. Gaia Mutrikuko altxorrak dela esan dute. “Zein da zuretzat Mutrikuk duen altxorrik preziatuena? (ondarea, natura, pertsonak, animaliak, paisaia, ohiturak…)”. Bada, lehiaketan parte hartzen dutenek galdera horri irudi bategaz erantzun beharko diote. Epaimahaiak 12 argazki sarituko ditu, eta horiek udalaren 2022ko egutegia irudikatuko dute.
Lehiaketan edozein mutrikuarrek parte hartu dezake. Hori bai, parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkeztu ditzake. Parte hartzaileek euren lanak aurkeztu ahalko dituzte soilik, originalak eta ezin izango da beste pertsona baten argazkirik aurkeztu ezta beste lan original baten elementurik gehitu.
Lehiaketara aurkezten diren lanekin erakusketa bat egingo dute, eta herritarrek gustukoen duten argazkia aukeratu ahalko dute. Hortik Herritarren Saria jasoko duen argazkia erabakiko da
Nola aurkeztu? Argazkiak formatu digitalean aurkeztu behar dira, liburutegian, ondoko ordutegian: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Argazkiarekin batera, kartazal itxi batean ondoko datuak aurkeztu behar dira: hauek aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoa.
[IRAKURRI LEHIAKETAREN OINARRIAK]
Sariak. Udalak izendatutako bi aditu eta udal ordezkari batek osatuko dute epaimahaia, eta horiek 12 lan sarituko dituzte: argazki bakoitza 80 eurorekin sarituko dute. Horrez gain, argazki lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa bat egingo dute, eta herritarrek gustukoen duten argazkiari botoa eman ahalko diote. Hala, bozka gehien jasotzen dituen argazkiak Herritarren Saria eskuratuko du. “Argazki hori egutegiaren azala izango da eta egileari Bertan elkarteko dendetan gastatzeko 80 euroko erosketa bonua emango zaio”.
Iñigo Andonegi. Andonegi ekainaren 24an hil zen, 72 urte zituela. Argazkilaria zen ogibidez, eta jubilatu arte, Mutrikun oso ezaguna zen argazki denda bat eduki zuen. Herrigintzan “isilpeko” lan handia egin zuen. Besteak beste, Kalaputxi herri aldizkariko argazkilaria eta kolaboratzailea izan da aldizkaria sortu zenetik.