Markina-Xemeinen jokatuko da EHko Hiru Txirlo Txapelketako hirugarren jardunaldia
Txapelketa zapatuan [azaroak 6] jokatuko da eta erabakigarria izan daiteke; bi jardunaldiren faltan oraindik asko dago esateko.
Asteburu bateko atsedenaldiaren ondoren, Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketa Markina-Xemeinera ailegatuko da zapatuan [azaroak 6]. Antonio Ibarluzea markina-xemeindarraren omenezko Lauzirika Herri Bolatokian jokatuko da estreinakoz norgehiagoka, eta jardunaldi guztietan modura 17:00etan hasiko dira jaurtiketak.
Jardunaldi erabakigarria izan daiteke, bi jardunaldiren faltan txapelketa erabakitzeke dago oraindik, eta gorabeherak egon daitezke sailkapenean. Momentu honetan, San Andres taldeko Jose Gabriel Nuñez dago txapelketaren buruan 14 txirlo jaurtita, eta txapelketa honetan daraman erritmoa ikusita, postu horretatik kentzea ez dute erraz edukiko beste bolariek. Hala ere, hiru txirloko aldeagaz ditu atzetik, 11 txirlogaz, Asola Berri B taldeko Bittor Rodriguez eta Markina-Xemeingo Hiru Txirloko A taldeko Jose Angel Fernandez. Hurrengo postuetan ere lehiarik ez da faltako, txirlo batera edo bira daude-eta bolariak.
Markina-Xemeingo Hiru Txirlo Taldeko bolariak ere fin dabiltza; lehenengo hamarren artean daude, aurretik aipatutako Jose Angel Fernandez (MX3T A) eta Ion Aransolo (MX3T A), Mateo Guenaga (MX3T C) eta Joseba Espilla (MX3T).
Emakumeei dagokienez, Eli Egia MX3T B taldeko bolaria lehen postuan dago 7 txirlogaz eta Ion Aransolo eta Jose Angel Fernandez dira nagusi bikoteka. Taldekako sailkapenean, berriz, Asola Berri da nagusi, B eta A taldeak daude buruan.