Ondarrutar Naturala lehiaketa, abenduaren 19an
Lehiaketan binaka parte hartu beharko dela esan dute; LH 5etik gorakoek parte hartu dezakete. Izena emateko epea abenduaren 15era luzatu dute.
Iaz egin modura, aurten ere Ondarrutar Naturala lehiaketa egingo dute Ondarroan, eta hori abenduaren 19an izango dela jakinarazi du Ondarroako Udalak; 18:00etan Beikozinin izango da. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aurretiaz izena eman behar dute; Ondarroako udal euskara zerbitzuan (94-683 36 68 – mrey@ondarroa.eus), turismo bulegoan (94-683 19 51) edo ikastetxeetan (ikasleen kasuan) izena eman behar da. Abenduaren 15a da izena emateko azken eguna (epea luzatu dute).
Lehiaketan binaka parte hartu beharko dela esan dute. “Pertsona heldu batek gazte bategaz osatu ahalko du bikotea, edo bi helduk”. Adin txikikoei dagokienez, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerakoek parte hartu dezaketela esan dute. “Horiek 16 urtetik gorako bategaz osatuko dute bikotea. Izan ere, 16 urtetik gorakoak heldu modura hartuko dira”.
Lehiaketa kanporaketa sistemaren bidez egingo dela aurreratu dute. Hala, azken txanpan bikote bat geratuko da, eta hori izango da irabazlea. Iaz, esaterako, Begoña Anakabe eta Alexander Idoeta ama-semeak izan ziren irabazleak.
Sari guztien artean 1.000 euro banatuko dituztela esan dute, eta publikoarentzako ere sariak egongo direla esan dute.
Zer da Ondarrutar Naturala lehiaketa? Denborapasa atsegin, dibertigarri eta didaktikoa dela diote. “Ondo pasatzeaz gain, hizkuntzaren eta kulturaren transmisioan laguntzen duen erreminta da. Ondarroako tribial baten antzera, galdera-erantzunetan oinarritzen da jolasa”.
Lehiaketa ospatu bitartean entrenamendua egin nahi dutenentzako ere informazio iturriak zehaztu dituzte:
- Ahuakemonala aplikazioa: IOS (Apple) edo Android.
- Ondarroako esaeren bilduma
- Josu Arrizabala ondarrutarrak egindako esaeren bilduma