Olatz Salvadorrek Arbide pasealekuan grabatutako kontzertua, ikusgai hilabete bukaeran
Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloa barikuan hasiko da, Mikel Urdangarinen kontzertuagaz. Kontzertuak Internetez ikusi beharko dira. Salvadorrek Arbiden grabatutako kontzertua azaroaren 26tik 28ra egongo da ikusgai.
Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesagaz antolatzen duen Udagoieneko Ostera Hegan kontzertu zikloari hasiera emango diote barikuan [azaroak 12]. Kontzertuak Internet bidez ikusi ahalko dira, Udagoieneko Osteraren webgunean. Zikloaren helburua da kalitatezko kultur emanaldiak eskaintzea eta euskararen erabilera sustatzea, baita aisialdian ere. Guztira hiru kontzertu argitaratuko dituzte, eta horietako azkena izango da Olatz Salvadorrek Arrigorri eta Saturraran hondartzak batzen dituen Arbide pasealekuan grabatutakoa.
Asteon Mikel Urdangarinek Otxandioko Andikona plazan grabatutako kontzertua ikusi ahalko da. Datorren astean, ostera, Xamanak taldeak Barakaldoko Munoa Jauregian grabatutakoa argitaratuko dute. Eta zikloari amaiera emateko, Salvadorren kontzertuaz gozatu ahalko da. “Kontzertuak barikuetan argitaratuko badira ere, asteburu osoan egongo dira ikusgai”. Hemen egutegia:
- Azaroaren 12tik 14ra: Mikel Urdangarinen kontzertua, Otxandioko Andikona Plazan
- Azaroaren 19tik 21era: Xamanak taldearen kontzertua, Barakaldoko Munoa Jauregian
- Azaroaren 26tik 28ra: Olatz Salbadorren kontzertua, Arbide pasealekuan (Ondarroa-Mutriku)