Udal tasa eta zergak %3 igoko dituzte Lekeition
2022ko urterrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira tasa berriak. Udal langileen soldatak %2 igotzea aurreikusten dute.
Lekeitioko Udalak azaroaren 4an egindako osoko bilkuran udal tasa eta zergak eguneratzea erabaki du. Jakitera eman dutenez, orain arte Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratu dira udal tributuak. Azken datuen arabera KPI-aren igoera %5,5ean kokatzen da, baina Lekeitioko Udalak tributuen eguneratzea KPI-ak zehazten duena baino gutxiago igotzea erabaki du; %3 igoko dituzte udal tasa eta zergak.
Eguneraketa 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dute eta besteak beste, Ondasun higiezinen gaineko zergak / Hiri ondasunak, hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergak, zaborren bilketak, estolderiak, hilerriak eta merkatuak eta hirigintzako baimenek izango dute igoera.
Horrez gain, berrikuntzak egin dituzte beste udal tasa batzuetan ere:
- Udaltzainek istripu kasuetan aseguru etxeentzat egiten dituzten txostenei tasa jarriko diete.
- Terrazen ordenantza berriagaz, ordenantza fiskala ere egokitu dute. Horrela, tasak urte osokoak edo denboraldikoak (aste santu aurretik urrira) izango dira, eta tasa desberdinak ordainduko dituzte egun osoan zehar zabalik eduki ditzaketenek edo kaleak oinezkoentzat bakarrik zabalik daudenean terraza jar ditzaketenek.
- Aktibitaterik ez duten lokal hutsen zabor tasa jaitsiko da.
- Etxebizitza turistikoen zabor tasa eguneratu dute; 2022tik aurrera 60eurokoa izango da.
Bestalde, sektore publikoaren esparruan ordainsariak %2 igotzea aurreikusten dute, eta beraz, udal langileen soldatak kopuru horren arabera eguneratuko dira 2022an.