16 taldek parte hartuko dute Kameratoia ikus-entzunezkoen rallyan
Lekeitioko 44. Euskal Zine Bileraren baitan egingo da aurten ere lehiaketa. Asteburu honetan [azaroaren 12tik 14ra] film labur bat sortu beharko dute parte hartzaileek.
Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatuta 17. Kameratoia ospatuko da asteburu honetan [azaroaren 12tik 14ra]. Internet bidez egingo da lehiaketa aurten ere, eta 16 taldek eman dute izena.
Ohi modura, antolatzaileek lehiaketaren lehen egunean, hau da barikuan [azaroak 12] emango dituzte ezagutzera aurtengo gaia eta filmean agertu beharreko ezaugarri batzuk, eta parte hartzaileek 36 ordu edukiko dituzte ideia garatu eta gauzatzeko. Domekako [azaroak 14] 12:00etarako film laburrak posta elektroniko bidez aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Aitziber Garmendia aktore eta sortzailea izango da aurten parte-hartzaileen gidaria. Formazio saio bat eskaintzeaz gainera lanen epaimahaikide ere izango da Garmendia, iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria jaso zuen Iban Goiko eta Aitor Mendilibarregaz batera.
Kameratoira aurkezten diren film guztiak Lekeitioko Euskal Zine Bileraren webgunean jarriko dituzte ikusgai, eta ikusleek euren botoa eman ahalko dute ikuslearen saria zeinek eramaten duen aukeratzeko.
Sariak. Kameratoiaren hiru irabazleak azaroaren 21an iragarriko dituzte. Lehenengo gelditzen denak 800 euroko saria izango du, 400 eurokoa bigarrenak, eta hirugarrenak, Euskal Zine Bileraren jaialdiko ikusleen saria jasotzen duenak, Lekeitioko Trinkete aterpetxean gau bateko egonaldia izango du sari.