Ainhoa Ikaran eta Amaia Nicholson: "Espazio propioa izateak indarra ematen digu"
Herriko Mugimendu Feministak zeukan premiari erantzunez, martxan dago Lekeitioko Andraetxea. Azaroaren 25a antolatzeko asanblada zabala dute bertan zapatuan [azaroak 13].
Noiz eta zelan sortu zen andraetxearen beharra Lekeition?
Ainhoa Ikaran: 2018ko Martxoaren 8ko ekimenetan parte hartu genuen emakume eta eragile ezberdinak Lekeition eguneroko funtzionamendu ofizial zein ohikoetan emakume legez bizi ditugun beharrak mahai gaineratu genituen. Besteak beste, zaintza eremuan, kirol, hezkuntza zein eremu instituzionalean ditugunak. 2019ko martxoaren 8an, herriko emakumeok berriro kalera irten ginen, eta beste urrats bat emateko unea zela adostu genuen aho batez. Urrats berri hori herriko Mugimendu Feministak espazio propio bat lortzeko prozesua abian jartzea izan zen.
Zelan joan da prozesu hori?
Amaia Nicholson: COVID 19ak eragindako krisi orokorrak borroka feminista mugatuta eduki du denbora batez. Baina egoera hobetu zenean aktibatu genuen berriz eskaera hori, eta 2021eko Martxoaren 8an lanean aritu ginen adin eta eremu ezberdinetako emakumeok espazio propioa lortzen joateko plangintza adostu genuen.
Zeintzuk izan dira ordutik eman dituzuen urratsak?
A.N.: 2021eko Martxoaren 8tik gaur egun arte, Lekeitioko herritarrei proiektu feminista honen berri emateaz gain, hainbat ekimen burutu ditugu. Lekeitioko alkateagaz ere harremanetan jarri ginen. Bilera horretan, Lekeitioko Mugimendu Feministan bildutako emakume eta eragileok Lekeitio herri feminista eraikitzen hasteko geneukan espazio baten beharra aurkeztu genuen. Udalak Mugimendu Feministaren aldarrikapenak entzun ondoren, hauek aurrera eramateko akordio bat sinatzea erabaki zuen.
Ze adostasun lortu duzue udalagaz?
A.I.: Kontuan izanda gaur egun udalak bere jabetzako espazio egoki bat lagatzeko aukerarik ez duela, behin behineko jabetza pribatuko lokal bat alokatu du Lekeitioko Mugimendu Feministak erabili dezan, printzipioz 2021eko urritik 2022ko abenduaren 31ra arte. Hala ere, udalaren jabetzako espazio bat erabilera horretara zuzendu ahal denean, alokairu hori bertan behera geratuko da.

Ainhoa Ikaran eta Amaia Nicholson Lekeitioko Mugimendu Feministako kideak Lekeitioko Andraetxearen aurrean.
Aipatzen ari zareten proiektu feminista hori zertan datza?
A.N.: Gure herria emakumeon begiekin aztertu nahi dugu, emakumeak erdigunean jarriko ditugu. Herriko emakumeak egunerokoan dituzten beharrez, proiektuez, asialdiaz, lan zein parte hartzeari buruz hitz egin nahi dugu. Guzti hori,espazio libre batean, emakumeon ahotsa soilik entzungo den espazioan hain zuzen ere, inolako injerentziarik barik. Gurea, emakumeona, lehenetsiz.
Zelan gauzatuko duzue lan hori?
A.I.: Prozesu parte hartzailea izango da, norbanako zein herriko talde zein eremu ezberdinetako emakumeok protagonista bihurtuko garena. Lehenengo gure herriaren egungo egoera ezagutu beharko dugu, eta bertako emakumeengana hurbildu ezagutu eta entzun. Zer nolako Lekeitio nahi dugun eta zelan gauzatuko dugun guztion artean zehaztea da helburua.
Aurten beraz, lan handia daukazue Lekeition.
A.N.: Bai, baina ilusio handiagaz gaude. Espazio propioa izateak indarra ematen digu, eta beste behin erakusten digu antolatu eta borrokatzeak merezi duela. Herriko emakume guztion artean egindako lana izatea lortzen badugu etorkizun hobe bat lortuko dugu; hori dela eta merezi du lan gogor hau aurrera eramateak.
Espazioa badago, lanerako gogoa ere bai, beraz, epe motzean zein lan aurreikusten duzue?
A.I.: Laster datorren azaroaren 25a, Emakumeon kontrako indarkeriaren kontrako eguna, antolatzen ari gara. Joan den zapatuan [azaroak 6] batu ginen eta zapatu honetan [azaroak 13] ere hitzordua daukagu 11:00etan. Udalagaz adostutako behin behineko espazioan bilduko gara, Merkatu Plazaren ondoan, lehen bidaia agentzia zegoen lokalean. Deialdi zabala da, eta parte hartze zabala espero dugu.