"Aproposak" diren elikagaiak hautatzeko azalpenak emango dituzte Ondarroan
Silvia Zuluaga Goikoetxea mediku dietista eta nutrizionistak hitzaldia eskainiko du martitzenean [azaroak 16], Beikozinin. Saioa 18:30ean hasiko da.

Ondarroako Zientziaren Giltzak elkarteak antolatuta, Osasuna gure esku. Zer jan XXI. mendean? hitzaldia egongo da martitzenean [azaroak 16], 18:30ean, Ondarroako Beikozinin. Hizlaria Silvia Zuluaga Goikoetxea mediku dietista eta nutrizionista izango da. Aurreratu dutenez, “aproposak” diren elikagaiak hautatzeko pistak emango ditu Zuluagak hitzaldian.
“Gaur egun elikadura osasuntsuaren mezuz inguratuta gaude. Eta horren guztien artean, zelan jakin zer jan diabetesa edo hipertentsioa dutenek? Eta pisua galtzeko edo beste gaixotasun batzuk saihesteko edo sendatzeko?”. Bada, horretaz guztiaz ariko dira Beikozinin emango duten hitzaldian. “Azukreak, gantzak, kaloriak… zertan jarri arreta etiketak irakurtzean?”.
Hizlariari buruz. Zuluaga Nafarroako Unibertitatean Medikuntza eta Kirurgia Orokorrean Lizentziaduna da. Bordeleko Unibertsitatean Dietetika eta janari Higienean Postgraduko Diplomadura egin zuen, eta Distantzia Unibertsitatean (UNED) Obesitate eta Elikadura portaerako trastornoen arloan espezializatu zen. Horrez gain, hainbat diploma ditu: mikrobiotika, genetika, nutrigenetika, medikuntza pertsonalizatua…
25 urte baino gehiago daramatza pazienteei argaltzen laguntzen eta ondo jaten erakusten. Donostian, Eibarren eta Irunen izan ditu kontsultak; gaur egun Donostiako bulegoan egiten ditu kontsultak eta Internet bidezko bideokontsultak ere egiten ditu. 2015ean blog bat idazten hasi zen.