Greziako errefuxiatuentzako oinetakoak batuko dituzte Markina-Xemeinen
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak jarri du martxan kanpaina. Negua gerturatzen ari dela eta, errefuxiatu guneetan hotzari aurre egiteko oinetakoak behar dituztela jakitera eman dute.
Neguko hotzak Greziako errefuxiatu guneetan bizi direnenengan edukiko duen eragina kontuan hartuta, oinetako bilketa antolatu du Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak. Zapatuan [azaroak 13] batuko dituzte oinetakoak hainbat udalerritan, baita Markina-Xemeinen ere.
Erakundeak azaldu duenez, kanpin dendetan edo barrakoietan bizi dira Greziako errefuxiatuak: “hotza hezurretaraino sartzen da; izan ere, gobernuek ez dute landa egokitzeko inbertitzen, eta ez dute berogailurik edo hotzetik gordetzeko tresnarik”. Lesbosen eta Atenasen dituzten lagunen bidez jakin dute hilabete hauek igarotzeko gehien faltan botatzen dutena eta hobekien datorkiena oinetako on bat dela, eta, hortaz, oinetako bilketa kanpaina jarri dute abian.
Egoera onean dauden eta erosoak diren oinetakoak batuko dituzte, botak, zapatilak eta zapatak (takoidunik ez), eta herritarrak bilketa horretan parte hartzera gonbidatu dituzte.
Markina-Xemeinen Arkupean jasoko dituzte oinetakoak 11:00etatik 14:00etara.