Hilerokoaren zikloari buruzko tailerragaz hasiko dute udazkeneko agenda Munitibarren
Besteak beste, Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak 'Alpistegia' haurrentzako bertso antzerkia eskainiko dute hilabete honetan.
Munitibarko Udalak azarotik abendura arte luzatuko den Udazkeneko agenda aurkeztu du. Bost proposamen bildu dituzte, eta gehienak bariku arratsaldeetan egingo dituzte. Agendaren lehenengo hitzordua barikuan [azaroak 12] izango da.
Jaione Gisasolak autoezagutzan oinarritutako hilerokoaren ziklori buruzko tailerra eskainiko du 17:00etan, udal aretoan. Hilerokoaren zikloa ezagutzeko eta “positiboki bizitzen ikasteko” azalpenak eta gomendioak emango ditu tailerrean.
Azaroaren 19rako umeentzako ikuskizuna antolatu dute. Eneko Arrate Sololuze markina-xemeindarrak eta Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarrak Alpistegia haurrentzako bertso antzerkia eskainiko dute 17:00etatik aurrera, udal aretoan. “Osasunagaz daukagun ideia umorearen bitartez zabaltzea da antzerki honen helburua”, azaldu dute.
Azaroaren 26an Irakurketa Txokoa egingo dute. Miñan liburuari buruzko solasaldia egingo dute Amets Arzallusegaz, 19:00etatik aurrera, liburutegian. Miñan 2019 urtean plazaraturiko narrazioa da, Arzallusek idatzia Ibrahima Balde etorkinaren ahotik kontatua. Liburuan herritik alde egindako “minean” eta anaia txikiaren bila bizitako “bizipen gogorrak” kontatzen dira, Europara iritsi arte. Duintasunezko lezio bikaina ematen duen liburua da, modu intimo, sentikor eta barnerakor batean kontatua.
Bestalde, aurreko egunean [azaroak 25], Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren harira, urtero Bidegurutzean egiten duten elkarretaratzerako deialdia ere agendan sartu dute. Elkarretaratzea 19:00etan izango da.
Argitaratu berri duten udazkeneko agendaren azken ekintza abenduaren 10an egitea aurreikusi dute. Esti Curiel aktoreak 35 huts bakarrizketa aurkeztuko du Udal aretoan (18:30). Heriotzaz, amatasunaz eta familiaz hausnartzen du protagonistak. “Rancherak, tekila eta madarikazioen artehunak askatzen saiatuko da umorez eta poesiaz osaturiko bakarrizketa honetan”.
Egitaraua:
- Azaroak 12 (barikua): Hilerokoaren zikloari buruzko tailerra, 17:00etan, Udal aretoan.
- Azaroak 19 (barikua): Alpistegia umeentzako bertso antzerkia, 17:00etan, Udal aretoan.
- Azaroak 25 (eguena): Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren kontzentrazioa, 19:00etan, Bidegurutzean.
- Azaroak 26 (barikua): Irakurketa Txokoa: Miñan liburuari buruzko solasaldia, 19:00etan, liburutegian.
- Abenduak 10 (barikua): 35 Huts antzerkia, 18:30ean, Udal aretoan.