Benito Ansolari buruzko dokumentala estreinatuko dute Zinebin
Astelehenean [azaroak 15] emango dute dokumentala Bilboko BBK aretoan. Aitor Gametxo Zabala Lekeitioko zinemagilearen film bat lehiaketarako aukeratutakoen artean dago.
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute astelehenean [azaroak 15] Josi Sierra Orrantiak Benito Ansolari buruz egin duen El tesoro de Benito. Semblanza de Benito Ansola filma. Jaialdiaren Bertoko begiradak atalean aurkeztuko dute 88 minutuko dokumentala. Emanaldia 18:00etan izango da Bilboko BBK aretoan, eta sarrera dohainik izango da.
Dokumentala master-class moduko bat dela jakitera eman dute, Euskal zinemaren bultzatzailea eta Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaileagaz Benito Ansolagaz solasean. Jose Julian Bakedanoren galderak erantzunez ekoizpenetako kontuak azaltzen ditu Ansolak: gidoiak eta aktoreen aukeraketa zelan egiten zuen, kokapenak aukeratzeko modua eta filmen muntaketa zelan egiten zuten. Lantzen zituzten gaiak berrikusita, Ansolaren ideiak eta filosofia ageri dira filmean.
Benito Ansolari buruzko dokumentalaren kartela.
Jaialdia. Barikuan [azaroak 12] hasiko da Zinebi, Arriaga Antzokian ospatuko den inaugurazio gala bategaz, eta azaroaren 19ra arte 123 film programatuko dituzte, horietatik 45 euskal produkziokoak (34 film labur eta 11 film luze). Proiekzioak bi atal ezberdinetan banatuta daude: Sail Ofiziala eta beste proiekzio batzuk. Benito Ansolari buruzko dokumentala emango duten Bertoko begiradak atala, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ekoitzitako film laburrez eta luzeez osatua dago, eta euskal ikus-entzunezkoen industriako produktoreen, zinemagileen eta profesionalen lana aintzatestea du helburu.
Bestalde, aurten, Zinebiko lehiaketara aurkeztu diren lanen artean dago baita ere Aitor Gametxo Zabala Lekeitioko zinemagilearen Berak baleki fikziozko filma. 3.500 film labur baino gehiago ikusi dituzte Zinebiko hautapen batzordeko kideek, eta horietatik guztietatik 29 herrialdetako 55 film aukeratu dituzte, 35 emakumek eta 31 gizonek zuzenduak. Horietako zazpi Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako errealizadoreek eginak dira, horien artean dago lekeitiarraren lana. Berak baleki barikuan egingo duten inaugurazio galaren amaieran ikusi ahal izango da, beste batzuekin batera.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.