Ander Okamikak Burgos BH taldeagaz berritu du
Beste urte beteko kontratua sinatu du Burgosko txirrindulari taldeagaz. Aurrera egin eta hobetzen joateko asmoa du txirrindulari lekeitiarrak.
Beste urte betez jarraituko du Ander Okamika txirrindulari lekeitiarrak Burgos BH taldean. Okamikak joan den denboraldian eman zuen jauzia txirrindularitza profesionalera, eta estreinaldi ona izan du, emaitza onekin gainera.
Martitzenean [azaroak 9] iragarri zuen Burgos BH taldeak erabakia, Okamikaren denboraldi bikaina azpimarratuz. Denboraldiaren hasieran, etapakako itzulietan ibili zen lekeitiarra, eta apurka-apurka lehen 20ren artean lekua egiten joan zen. Espainiako txapelketan zazpigarren postua ere eskuratu zuen eta Vueltan ere parte hartu zuen, eta denboraldiaren azken txanpa bikaina egin zuen Italian eta Frantzian lehen hamarren artean ere geratuta.
Pozik hartu du proposamena Okamikak. Taldean “oso gustura” aritu dela eta “jarraitzeko gogagaz” dagoela azpimarratu du. “Denboraldiak aurrera egin ahala konfiantza hartzen joan nintzen, eta taldea pozik egon da nigaz. Uste dute oraindik hobetzen joateko aukerak ditudala, eta joan den urtean txirrindularitza profesionalera jauzia emateko eman zidaten konfiantza berretsi dute”, azaldu du.
Iazkoa ziurgabetasunez betetako urtea izan duen arren, emaitzagaz gustura geratu da txirrindularia. “Txirrindularitzako beste modalitate batetik nentorren, profesionalean estreinatzen nintzen eta ez nekien zelan moldatuko nintzen. Egia esan nahiko ondo egokitu naiz, taldean asko lagundu didate, pozik egon dira nire garapenagaz, eta datorren urtean ere hobetzen jarraitu nahi dugu”.