Baleuko ekoiztetxeak sortu duen kanal interaktiborako kantak egin ditu Iñigitok
Gookapi haurrentzako kanal interaktiboa jarri du martxan ekoiztetxeak. 22 kanta sortu ditu musikari lekeitiarrak kanalerako. Ikuskizun bat ere prestatu dute.
Baleuko ekoiztetxeagaz lanean ari da Iñigo Arrasate Iñigito musikari lekeitiarra. Gookapi haurrentzako kanal interaktiboa jarri du martxan ekoiztetxeak, animazioan oinarritutako lehenengo euskarazko kanal interaktiboa, teknologia berrietan oinarrituta eta eduki interaktiboekin, eta kanal horretarako musika egin du Iñigitok.
Kanal hori momentu honetan zinematan dagoen Baleuko SL ekoiztetxeak Mexikoko Polar Estudio eta Brasilgo Tortuga Estudios ekoiztetxeekin elkarlanean egindako Zutik! filmaren eskutik dator. Zutik! familia giroko filma da, batez ere etxeko txikienei zuzendua, eta parke batean bizi diren iratxoak ditu protagonista.
Bi mundu antagonikoren inguruko istorioa kontatzen du. Batetik, iratxoek osatzen eta zaintzen duten mundu koloretsua ageri da: parkea. Zuhaitzez eta landarez jositako ingurua da, eta bertan bizi dira Mithy, Liz, Hur, Pago, Pintxo eta gainerako iratxoak. Bestetik, gizakien hiria dago. Porlanak, kutsadurak, keak eta teknologiak hartutako eremua da hiria, eraikin altuek eta gailu elektronikoekin itsututa batetik bestera dabiltzan gizakiek osatua. Bertan bizi da Helene, filmaren protagonista. Heleneren aita da hiriko alkatea, eta parke naturala 5G antenaz hornitutako parke teknologiko bihurtu nahi du.
Gookapi kanaleko protagonistak ere iratxo horiek dira, eta euren munduan murgildu da Iñigito abestiak sortzeko. “Euren kantu sekretuak jaso eta musika eta letrak jarri dizkiet”, azaldu du musikari lekeitiarrak.
Mendexan duen estudioan grabatu ditu kantak. Guztira, 22 kanta sortu ditu, 11 euskaraz eta 11 gaztelaniaz, eta Durangoko Azokan, euskarazko kantak batuko dituen USB memoria bat kaleratuko dutela aurreratu du. Ez da ohiko USB memoria bat izango. “Errealitate areagotuagaz funtzionatuko du, telefonoa USB gainean jarri eta, esate baterako, iratxo bat agertuko da kantuan”. Bestalde, abestien bideoklipak Gookapi kanalean jarriko dituzte ikusgai. Iñigitok azaldu duenez, Oihane Eskurza Bilbao izan du bidelagun. Berak ere jarri die ahotsa abesti batzuei.
Ikuskizunak ere eskainiko ditu musikari lekeitiarrak. Parkeko iratxoek eta Txiki handia zara haurrentzako ikuskizun taldeak indarrak batu eta magiaz betetako ikuskizun bat sortu dute. Ingurumena eta natura izango dira ikuskizuneko gai nagusiak, eta kanta, dantza, joko eta hainbat istorio dibertigarrien bidez ikusleari helaraziko dizkiete. “Ikuskizun horren helburu nagusia haurrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da, eta nagusiei belarritik tira egitea”. Denen artean mundua zaindu behar dela gogorarazi nahi dute, “modu dibertigarri eta guatxian”.
Lehenengo emanaldia Ahotsenean eskainiko dute, eta ezustekoz beteriko ikuskizuna izango dela aurreratu du Iñigitok: “Ikuskizun interaktiboa izango da. Pintxo iratxoak ikusleekin hitz egingo du zuzenean”.
Beste emanaldi batzuk ere eskainiko ditu lekeitiarrak; Miren eta Olen eta beti irabazi ipuinei bizitza ere emango diete Iñigitok eta bere taldeak abenduaren 10ean Lekeitioko Ikusgarri aretoan eskainiko duten emanaldietan.