Egoera txarrean dauden Mutrikuko lurpeko edukiontziak konpontzen hasiko dira
Astelehenean [azaroak 15] Elgoibarren hasiko dira lan horiek egiten. Eta jarraian Mutrikukoekin hasiko dira.
Eskualde osoan lurpeko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik ordezkatu eta gero, orain Debabarrenako Mankomunitateak esan du astelehenean [azaroak 15] “egoera txarrean” dauden lurpeko edukiontziak konpontzen hasiko direla. “Hondoratu aurretik konpondu egingo ditugu”, esan du Jokin Alberdi Makomunitateko zerbitzuen arduradun teknikoak.
“Lurpeko edukiontzien ekipamendu zaharkituak osorik erretiratuko ditugu. Ondoren lurpeko edukiontziak kokatzen diren zuloak garbitu eta egokituko ditugu, eta azkenik ekipamendu berria jarriko dugu”. Lan horiek Mutrikun, Ermuan, Eibarren eta Elgoibarren egingo dituztela esan dute. Izan ere, lau herri horietan oraindik ere lurpeko edukiontzi batzuk mantendu egin dituzte. “Kronograma bat osatu dugu eta lehendabizi Elgoibarren hasiko gara, gero Mutrikun, Eibarren eta Ermuan, hurrenez hurren”.
Zehaztu dute lan horietarako 921.522,47 euro erabiliko dituztela.