Silitia bikote lekeitiarra, finalista Gaztearen Maketa Lehiaketan
Epaimahaiak erabaki du bikote lekeitiarra finalean egotea. Finala azaroaren 25ean ospatuko da Bilboko Kafe Antzokian. Epaimahaiaren Saria, Entzuleen Saria eta Harrobia Saria banatuko dituzte.
Xabier Barrutiak (gitarrak, baxua, bateria eta teklatua) eta Ibai Silicatok (ahotsa eta perkusioa) osatzen duten Silitia taldea Gaztea irrati katearen 30. Maketa Lehiaketaren finalerako hautatu dute. Julen Idigorasek, Izaro Andresek eta Josu Billelabeitiak osatutako epaimahaiak erabaki du talde lekeitiarra finalistetako bat izatea. Mirua, Sara Azurza, eta Udda musikariak dira beste finalistak; Udda taldea entzuleen botoei esker da finalista. Finala azaroaren 25ean ospatuko da, Bilboko Kafe Antzokian.
Silitia Bilbon sortu zen, eta diote taldearen estiloa ezin dela hitz bakar batekin deskribatu; musika egiten dute. Batzuetan rockeroagoa, beste batzuetan poperoa, beste batzuetan lasaiagoa, beste batzuetan mistikoagoa; batzuetan elektronikoa eta beste batzuetan guztiz organikoa… Oro har, inprobisaziotik hastea eta dantzatzea gustatzen zaie.
Aurreratu dutenez, finalean Epaimahaiaren Saria, Entzuleen Saria eta Harrobia Saria banatuko dituzte. Epaimahaiak aukeratzen duen talde irabazleak 5.000 euroko saria irabazi eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera edukiko du. Entzuleen Saria, ostera, 2.500 eurokoa izango da. “Harrobia Saria irabazten duenak Oso Polita diskoetxeagaz lau abestiko EP bat grabatzeko aukera edukiko du”.
Beste finalistei buruz:
- Mirua: Maitanek, Malentxok eta Mattinek osatzen dute hirukotea. Aspaldiko lagunak dira, eta auren logeletan sortu dituzte Maketa Lehiaketara aurkeztu dituzten abestiak. Ahotsa eta soinu elektronikoak uztartzen ditu talde tolosarrak.
- Sara Azurza: Neosoul estiloa jorratzen du musikari donostiarrak. Bakarkako proiektu bat den arren, Sara ez dator bakarrik; Igone Zarate (gitarra), Iker Lauroba (pianoa), Haritz Lauroba (bateria) eta Txikik (baxua) lagunduta dator abeslaria.
- Udda: Aitor Armentiaren izen artistikoa da Udda. 20 urteko musikari gasteiztarrak En las nubes izeneko diskoa publikatu zuen 2021eko uztailean.