Intzidentzia tasak nabarmen igo dira Mutrikun eta Lea-Artibaiko bost herritan
Joan den aste osoan 46 positibo erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun, duela bi aste baino 41 positibo gehiago. Lekeitio eta Markina-Xemein gune berdean egotetik gune horian egotera pasatu dira. Astebetean Berriatuan 11 positibo erregistratu dituzte.
Egoerak nabarmen egin du txarrera Lea-Artibai eta Mutrikun. Hala, Lekeitio eta Markina-Xemein gune berdean egotetik gune horian egotera pasatu dira: Lekeitio 41,51ko tasa edukitzetik 166,04koa edukitzera pasa da eta Markina-Xemein 59,70koa edukitzetik 99,50ekoa edukitzera. Bestetik, nahiz eta Ondarroako eta Mutrikuko intzidentzia tasak igo, bi herriak gune horian egoten jarraitzen dute. Beraz, gaur gaurkoz 5.000 biztanletik gora dituzten HITZAren eremuko lau herriak gune horian daude.
Biztanle gehien dituzten herriez gain, azpimarratzekoa da Berriatuko egoera: astebetean 11 positibo erregistratu dituzte, Lekeition erregistratu dituzten beste.
Joan den aste osoan [azaroaren 8tik 14ra] 46 positibo erregistratu zituzten, duela bi aste baino 41 positibo gehiago: 11 kasu Berriatuan erregistratu zituzten, beste 11 Lekeition, 10 Ondarroan, 8 Mutrikun, 4 Markina-Xemeinen eta 2 Etxebarrian.
Lurraldeak. Arabak 99,94ko tasa dauka (duela aste bat baino 37 puntu altuagoa), Bizkaiak 120,53koa (41 puntu altuagoa) eta Gipuzkoak 308,55ekoa (134 puntu altuagoa); Gipuzkoa gune laranjan sartu da. Araban Agurain da gune gorrian dagoen herri bakarra (765,93), eta Bizkaian Elorrio (416,22). Gipuzkoan sei herri daude gune gorrian, joan den astean baino 4 gehiago: Astigarraga (1.408,45), Azpeitia (880,42), Pasaia (466,45), Tolosa (530,93), Urretxu (497,88), Zumarraga (834,95).
Herriz herriko intzidentzia tasak (azaroaren 15ean eguneratuta):
- Amoroto: 0
- Aulesti: 0
- Berriatua: 875,10 (duela aste bat 0 tasa zeukan)
- Etxebarria: 268,46 (duela aste bat 0 tasa zeukan)
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 0
- Lekeitio: 166,04 (astebetean 125 puntu igo da)
- Markina-Xemein: 59,70 (astebetean 40 puntu igo da)
- Mendexa: 0
- Munitibar: 0
- Mutriku: 169,36 (astebetean 94 puntu igo da)
- Ondarroa: 140,07 (astebetean 47 puntu igo da)
- Ziortza-Bolibar: 0
Lea-Artibai eta Mutrikuko bilakaera, 2020ko azarotik: