Mutrikuko Jabekuntza Eskolarentzako logotipoa sortzeko lehiaketa antolatu dute
Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 20a da. Lanak paperean zein euskarri digitalean aurkeztu beharko dira.
Mutrikuko Udalak antolatu duen lehiaketa irabazten duenak 400 euroko saria lortzeko aukera edukiko duela jakitera eman dute. “Sormenezko diseinu bidez berau identifikatu eta ezagutzera emango duen logotipoa hautatuko dugu bertatik”. Banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da eta egile bakoitzak, gehienez, lan bat aurkeztu ahal izango du. “Lana jatorrizkoa, norberak egina eta argitaratu gabea izango da”.
Logotipoaren gaiak proiektuaren oinarriak islatu beharko ditu eta gogorarazi dutenez, Lotune. Mutrikuko Emakumeentzako Jabekuntza Eskola izena agertu beharko da. “Nahi duenak feminismoaholkularitza@mutriku.net helbidean eskatu ahalko du Jabekuntza Eskolaren eratze prozesuaren txostena”.
Lanak udaletxeko harreran aurkeztu behar dira
Lehiaketan parte hartzen dutenek edozein komunikazio euskarritara egokitu ahal izateko moduko logotipoa sortu beharko dute. 3×3 zentimetroko neurria eduki beharko du diseinuak eta paperean (DIN A3) zein euskarri digitalean (CD edo USB memoria batean) aurkeztu beharko da. “Diseinuaren zergatiaren azalpen txiki batekin aurkeztuko da logotipoa. Gehienez orri bateko luzera izango du azalpen horrek”.
Lanak aurkezteko azken eguna abenduaren 20a da. Udaletxeko harreran aurkeztu behar dira, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara. Proposamen bakoitzeko bi gutunazal aurkeztuko dira (A eta B), eta horien kanpoaldean, ondoko datuak jasoko dira: egilearen izengoitiarekin izendatutako A gutunazalean egileari buruzko datuak bilduko dira (izen-abizenak, nortasun agiriaren kopia, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa) eta Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren Logotipo Lehiaketa modura izendatutako B gutunazalean proposatzen den diseinua joango da, euskarri digilean zein paperean.