Mutrikun eraso matxista bat egon dela salatu dute
Manifestazio zaratatsua egingo dute eguenean [azaroak 18] gertaera publikoki salatzeko. Mobilizazioa 19:00etan egingo dute, Goiko Plazatik hasita.
Asteburuan herriko emakume batek jasandako sexu eraso baten berri eduki dute EMAk eta Mutrikuko Udalak. Gertaera publikoki salatzeko eta erasoa jasan duen emakumeari babesa adierazteko manifestazio zaratsatsua deitu dute; sare sozialetatik egin dute deialdia. Protesta, eguenean [azaroak 18] egingo dute, 19:00etan, Goiko Plazatik hasita. Herritar guztiei mobilizazio horretan parte hartzeko gonbidapena egin diete.
HITZAk jakin ahal izan duenez, asteburuan gertatu da erasoa; erasotua izan den emakumearen bikotekidea da erasotzailea. “Erasotzaileak, berriz ere, beste emakume bat (oraingoan bere bikotekidea) jipoitu, sexu erasoak egin eta labanaz mehatxatu du. Emakumearen ausardiari esker ihes egitea lortu du. Bere bizitza arriskuan egon da, eta fisikoki oso kaltetua utzi du”. Salaketa ipini ostean, atxilotu egin zuten erasotzailea, eta epaiketa azkar bat egin ostean, aske geratu dela esan dute. “Babes neurriak jarri dizkiote emakumeari eta 300 metroko urruntze agindua erasotzaileari”.