Fernando Salegi: "Mundu osoan neurri zorrotzak hartzeko garaia heldu da"
Munduko ingurumenaren egoera okertzen ari da, eta horri aurre egiteko neurri zorrotzak hartu beharko litzatekeela uste du Fernando Salegi ekologistak. Eta horretarako mugimendu ekologista indartu beharko litzatekeela dio.
Badatoz Gabonak eta argiz beteko dira herrietako kaleak. Bideragarria al da energia horrela gastatzea?
Urte askotan egin ditugu Gabonetan argiaren gehiegizko kontsumoaren aurkako kanpainak. Gai oso gaitza da, jende askorentzat egun bereziak dira eta. Jadanik ikusi dut zenbait herritan argiak ipintzen ari direla, eta toki askotan bi hilabete aurretik martxan jartzen dituzte. Denbora laburragoan piztea eskatuko genuke, horrela egun batzuetan egongo dira piztuta, eta ez pare bat hilabetean. Gaur egun, argi horrek led argiak dira, kontsumo gutxiagokoak, eta hori aitzaki modura hartuta, gehiago jartzen dituzte. Beraz, berdin gabiltza. Aurrezten den arren, argi gehiagok energia gehiago kontsumitzen dute. Argiena ez dator erlijio batetik, saltoki handiek ezarri zuten kontsumoa areagotzeko, eta herrietara ere zabaldu da. Baina, horretarako, egun batzuekin ere nahikoa litzateke.
Zabor pila ere sortzen da egun horietan.
Plastikoak, kartoia eta zabor askoz gehiago sortzen dugu horietan egunetan. Opari pila bat egiten ditugu. Umeek pila bat jolas eduki arren, beste pila bat erosten zaizkie, lehen egunean jolastu eta gordeta geratzen direnak. Zergatik ez dugu egiten truke bat horrelako kontsumismoan jausi barik? Aukera bat litzateke kontsumo arduratsu bat lortzeko.
“Gu energia berriztagarrien aldekoak gara, baina ez edonon eta ez edonola”
Une honetan jende asko kezkatuta dago energiagatik.
Ez die axola energia nondik datorren eta ze kalte egiten duen, poltsikoak kezkatzen ditu, asko garestitu da eta. Egoera horren aurrean batzuk hasi dira nuklearraren alde, baina gehienek egia erdia esaten dute. Alde batetik, arriskua dago, zentral nuklearrak mundu mailan istripu oso larriak eragin dituzte. Eta, bestetik, oraindik ez dago toki berezirik hondakinak gordetzeko. Gainera, uranioa eta horiek erregai fosilak dira, orduan, herrialde guztiek energia nuklearra bultzatzen badute gauza bera gertatuko da, orain edo gero, amaitu egingo da hori ere. Beraz, energia berriztagarriak bultzatzen joan behar da. Alemaniak, esaterako, eguzki ordu gutxiago ditu, baina plakak askoz gehiago. Gu energia berriztagarrien aldekoak gara, baina ez edonon eta ez edonola. Ezin daiteke ingurumena edo animalien migrazioak kontuan hartu barik eolikoak jarri edo laborantza lurretako hektareak eta hektareak eguzki plakaz bete.
Orduan, non jarri beharko lirateke energia berriztagarria sortzeko gailu horiek?
Urbanizatuta dauden eremuetan jartzea eskatzen dugu, adibidez, eraikinetako teilatuetan. Enpresak euren interesei daude begira, Aizgorri puntan badago haize gehien, errotak bertan jarri nahi dituzte, baina gizarteak ezin du hori onartu. Irtenbideak ezin dira gure etorkizunaren kontura izan; ezin da gure etorkizuna hipotekatu. Ahal bada tokikoa izatea ere garrantzitsua da. Frogatuta dago energiaren %25 garraioan joaten dela. Horregatik, bakoitzak geure herrian sortu beharko genituzke energiak eta, adibidez, toki bat sakrifikatu nahi badugu, izan dadila herriaren hoberako eta ez hori energia beste edonora eramateko.
“Jada larrialdi klimatikoan gaude, egoera larria da, presazkoa”
Zeintzuk pauso eman beharko lituzteke erakundeek?
Aurrera goaz, baina pauso askoz trebeagoak eman beharko lirateke. Mundu mailan, atzera ezin itzuliko puntu batera ailegatu gara. Onartu behar dugu gauza batzuk ezingo ditugula berreskuratu. Tenperatura gehiago altxatuko da, eta ezin da jada aldatu. Kalte gehiagorik ez egiteko gauzak pentsatu behar dira. Herrialde batzuek ez dituzte pausoak aurrera eman nahi, eta guk betetzen ez ditugun gauzak exijitzen dizkiegu beste herrialde batzuei, Afrika, Asia eta Indiakoei. Mundu mailan planteatu behar da arazoa, eta ez bakoitzak bere aldetik, Europak bere aldetik, Amerikak beste batetik edo Txinak bestetik. Mundu osoan neurri zorrotzak hartzeko garaia heldu da, denek berdin, eta garapen bidean dauden herrialdeek konpentsazioak jaso behar dituzte. Guk irabazi batzuk eduki ditugu, eta horiei ere lagundu egin beharko zaie, bestela erregai fosilak erabiltzen jarraituko dute, eta kalteak eurentzat eta guretzat dira.
Klimaren Aldeko Goi Bilera egin da Glasgown gai horiek lantzeko. Horrelako bilerak eragingarriak dira?
Gizartearen presioa daukate, eta zer edo zer egin behar duten itxurak egiten dituzte. Baina ahal den gutxienekoa egin eta ondo gelditzeko asmoa daukate. Momentuz, gauzak uzten doaz gerorako, baina jada larrialdi klimatikoan gaude, egoera larria da, presazkoa. Herrialde batzuk ur maila baxuagaz edo muturreko tenperaturekin daude, eta horrek ekosistemari eragiten dio. Dena suntsitzen ari gara.
Horren aurrean, justizia klimatikoa aldarrikatu dute hainbat herritako bizilagunek. Jendea badoa kontzientzia hartzen?
Orokorrean ez. Denok dakigu zer gertatzen den, baina ez gara benetan kontzienteak. Gizartea borroka egiteko dago eta presionatzeko, baina ez dugu egiten. Kaleak betetzeko unea da, baina ez dira betetzen. Materialismoan pentsatzen ari gara, seme-alabei ze diru utziko diegun, ze etxe eta ze auto, baina ez gara kontziente ze aire, ze lur eta ze jateko lagako diegun. Gu ere aldaketak ikusten hasiko gara, eta gure seme-alabek beharbada ez dute ondo pasatuko. Gizarte oso pasiboa gara, eta orokorrean gure errua da gertatzen ari dena.
Mugimendu ekologistaren egoera zein da egun?
Bizkai mailan Greenpeace, Ekologistak Martxan, Eguzki eta herriren batean beste talderen bat dago, eta guztietan gaude oso jende gutxi. Gainera, datorkigun egoera ikusita, indartu egin beharko lirateke. Erakundeen menpe ezin gara egon, interes asko egoten dira eta, batez ere enpresen interesak. Ekarpenak egiteko eta alternatibak proposatzeko mugimendu ekologista indartsu bat egon beharko litzateke, baina gaur egun ez da existitzen. Zaborrak, kutsadura, landareak, eguzki plakak… mila gai ditugu aurrean, eta ez gara denetara heltzen. Ez daukagu aditurik ez zer edo zer egiteko prest dagoen jenderik. Boluntarioak gara eta, gainera, gutxi. Beraz, mugimendu ekologistatik orokorrean laguntza eskatzen dugu. Bakoitzak bere aletxoa jarrita denen hondartza bat egin dezakegu. Bitartean ezin dira arazoak bertan behera utzi, egingo dute ekologistek edo egingo dute erakundeek pentsatuta. Gure lurra, gure airea eta gure ingurua ez baditugu zaintzen beste guztiak ez dauka zentzurik, gizarte moduan desagertzen ari gara. Bakoitzak ahal duen neurrian, baina parte hartzea da gakoa.