Ibai Silicato eta Xabier Barrutia: "Publikoa eserita egon behar zenean hasi ginen zuzenekoekin"
Xabier Barrutia (gitarrak, baxua, bateria eta teklatua) bilbotarrak eta Ibai Silicato (ahotsa eta perkusioa) lekeitiarrak osatzen duten Silitia taldea Gaztea irrati katearen 30. Maketa Lehiaketaren finalean dago. Azaroaren 25ean ospatuko da finala, Bilbon.
Epaimahaiak erabaki zuen Silitita taldea finalistetako bat izatea, eta artista biak pozarren daude. Ondo pasatzea da haien helburua, eta azaroaren 25an Bilbon ospatuko den finalean ere hori bera egiten saiatuko direla diote.
Zelan animatu zineten Maketa Lehiaketara aurkeztera? Lehen aldia izan da?
Ibai Silicato: Lehen aldiz aurkeztu gara, eta ia-ia ahaztu egin zitzaigun. Konturatu nintzen lehiaketara aurkezteko epea zabalik zegoela, eta Xabierri esan nion. Eta nahiz eta pentsatu guretzako gauza handiegia zela, aurkeztea pentsatu genuen. Beraz, lanak aurkezteko epea amaitzen zen azken eguna zein zen begiratu eta mugikorreko agendan apuntatu nuen.
Beraz, aurkeztu orduko arrakasta eduki duzue.
Xabier Barrutia: Bai, bai. Horrela izan da, eta ez geneukan esperantzarik ere. Hiru fase dauzka lehiaketak: lehenengo aurkeztu egin behar ginen, gero aurkezten ziren guztietatik hogei aukeratu zituzten eta ondoren lau talde geratu ziren finalean.
Eta finalisten artean, zeuek. Nola jaso zenuten berria?
X.B.: Itzelezko ezustekoa izan zen. Entzuleek botoa emateko aukera eduki duten tartean, guk zail ikusten genuen aurrera egitea; botoa emateko epea amaitu zenean hogeiko zerrendan zazpigarren edo bederatzigarren geunden. Boto gehien ospe gehien daukatenek jasotzen dituzte. Baina jakin genuen epaimahaiak hiru talde aukeratuko zituela, eta pentsatu genuen hor aukera bat geneukala. Musika aldetik ez zitzaigun iruditzen kalitate handirik zegoenik. Eta begira, azkenean epaimahaiak aukeratu zuen gu finalean egotea.
Epaimahaiak aukeratu izanak ere garrantzia dauka, ezta?
I.S.: Guk nahiago genuen aukeratzekotan haiek aukeratzea, aukeraketa zentzu gehiagogaz egingo zutela uste genuen eta. Horrek esan nahi du gugan zer edo zer ikusi dutela.
Zeintzuk abesti aurkeztu zenituzten?
X.B.: Kakinprak, Txumin Lova eta Akamoko.
Izenburuak nondik ateratzen dituzue?
I.S.: Gu oso bromazaleak gara, eta gauzarik arraroenetara jotzen dugu. Lekeition Kakinprak esan egiten zen, nik txikitatik entzun dut. Kuadrilla baten izena ere bazen.
Talde modura Bilbon sortu zineten, ezta?
X.B.: Bai, duela lau urte elkar ezagutu genuen, Arte Ederrak ikasten hasi ginenean.
Eta hasieratik eduki duzue musikaren munduan sartzeko asmoa?
I.S.: Xabi eta biok musikazaleak gara. Biok gara erritmozaleak, eroak… Zerbaiti buruz hitz egiten bagenuen, musikari buruz izaten zen. Hortik hasi zen gure interesa. Baina ez geneukan pentsatuta ezer egitea, jai batzuk heldu ziren arte. Zarautzen egin genuen parranda batean zerbait serioa egitea pentsatu genuen.
Lekeition ere kontzertuak eskaini dituzue. Zuzenean aritzeak ez zizuen ikararik eman?
I.S.: Abaroa parkean kontzertu bi eskaini ditugu. Baina ikararik gehien lehendabiziko zuzenekoak eman zigun. Hori iaz izan zen, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Horrek bertigoa eman zigun. Ez genekien biok bakarrik kontzertu bat aurrera ateratzeko gai izango ginen. Ikaratuta geunden, baina ondo atera zen.
Publikoak ondo erantzun zuen.
X.B.: Bai, bai. Gainera, publikoa eserita zegoen. Gu publikoa eserita egon behar zen sasoian hasi ginen zuzenekoekin, egoerarik zailenean. Orain, publikoa zutik egon ahal denean, beste energia bat sumatzen da.
Egiten duzuen musika ez duzue estilo jakin bategaz lotzen.
I.S.: Hori da. Ezin da esan rocka edo beste estilo konkretu bat egiten dugunik. Estilo ezberdinak ikutzen ditugu. Egiten dugun musika oso anitza da.
Horrek erakargarriago egiten zaituzte?
X.B.: Guretzako interesgarria da. Abesti batek besteagaz ez dauka zerikusirik. Abesti bakoitza fantasia bat da, mundu bat.
Maketa Lehiaketaren finalean zuzenekoa eskaini behar duzue.
I.S.: Hogei minutuko kontzertua eskaini behar dugu. Orain ari gara jo eta ke entsegatzen.
Zuen bideoren bat ikusita, ondo pasatzen duzuela transmititzen duzue.
I.S.: Ba pozten gara. Guk ondo pasatzen dugu, eta hori da gure helburua. Eta Maketa Lehiaketaren finalean ere ondo pasatzea da gure asmoa. Azken finean, ez dakigu hemen noraino helduko garen. Beraz, hemen gauden bitartean ondo pasatuko dugu, eta listo.
Maketa Lehiaketan gertatzen dena gertatuta ere, hasitako bidean jarraitzeko asmoa daukazue?
X.B.: Noski baietz. Inoizko energia gehien daukagu. Orain daukagu sortzeko gogo gehien. Maketa Lehiaketan finalean sartzeak bultzada eman digu.
Finalari buruz: EITB taldeko Gaztea irrati katearen 30. Maketa Lehiaketaren finala azaroaren 25ean Bilboko Kafe Antzokian ospatuko da, 21:00etan hasita. Sarrera doan izango da, eta finalean dauden lau taldeek zuzeneko saioak eskainiko dituzte. Silitia taldeaz gain, ondokoak dira beste hiru talde finalistak: Mirua talde tolosarra, Sara Azurza musikari donostiarra eta Udda (Aitor Armentia musikari gasteiztarraren izen artistikoa). Antolatzaileek zehaztu dutenez, Udda taldea entzuleen botoei esker da finalista. Aldiz, beste hiru taldeak finalean egotea Julen Idigorasek, Izaro Andresek eta Josu Billelabeitiak osatutako epaimahaiak erabaki du. Aurreratu dutenez, finalean Epaimahaiaren Saria, Entzuleen Saria eta Harrobia Saria banatuko dituzte. Epaimahaiak aukeratzen duen talde irabazleak 5.000 euroko saria irabazi eta Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera edukiko du. Entzuleen Saria, ostera, 2.500 eurokoa izango da. «Harrobia Saria irabazten duenak Oso Polita diskoetxeagaz lau abestiko EP bat grabatzeko aukera edukiko du».