Mutrikuko Udalak "gogor" salatu du herrian jazotako eraso matxista
Udalak erasoaren aurrean "gaitzespenik irmoena" adierazi nahi duela azaldu du. Gaurko deituta dagoen mobilizazioarekin bat egin du udalak, eta gauza bera egitera deitu ditu herritarrak.
Mutrikuko Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du asteburuan herrian gertatutako sexu erasoa salatzeko. Mutrikuko Emakumeen Udal Feminismo Batzordearen ildoari jarraituz, tokiko erakundeak “gaitzespenik irmoena” adierazi du gertatutakoaren inguruan, eta “babes eta elkartasun osoa” adierazi die erasoa jasan duen emakumeari eta haren ingurukoei. “Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula emakumeen aurkako indarkeriarik onartzen. Emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituztenen jarrera eta ideia matxista oro arbuiatzen ditugu”.
Tokiko erakundearen iritziz, asteburuan gertatutako erasoa ez da kasu isolatu bat, baizik eta “sistema baten ondorioa” da. Zentzu horretan, indarkeria matxista “arazo benetan larria” dela azpimarratu du. “Indarkeria matxista estrukturala da: oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza eta diskriminazioa daude, eta sistema heteropatriarkalak sostegatzen du indarkeria hori. Horren aurrean, gizarte feminista eta justu bat aldarrikatzen dugu. Herritar guztiei indarkeria matxistaren aurrean zero tolerantzia izan dezatela eskatzen diegu. Indarkeria matxistarekin amaitzea jendarte osoaren ardura eta erantzukizuna da”.
Erasoa publikoki salatzeaz gain, Mutrikuko Emakumeen Udal Feminismo Batzordeak eta EMA herriko talde feministak gaurko [azaroak 18] deitu duten mobilizazioarekin bat egin du udalak, eta gauza bera egitera deitu ditu herritarrak; 19:00etan Goiko Plazatik hasita egingo da manifestazio zaratatsua. “Udalak dei egiten die mutrikuar guztiei ekitaldi horretan parte hartzera, indarkeria matxistaren aurka agertzera eta erasoa jasan duen emakumeari bakarrik ez dagoela adieraztera“.
Gertaera. HITZAk jakin ahal izan duenez, asteburuan gertatu zen erasoa; erasotua izan den emakumearen bikotekidea da erasotzailea. “Erasotzaileak, berriz ere, beste emakume bat (oraingoan bere bikotekidea) jipoitu, sexu erasoak egin eta labanaz mehatxatu du. Emakumearen ausardiari esker ihes egitea lortu du. Bere bizitza arriskuan egon da, eta fisikoki oso kaltetua utzi du”. Salaketa ipini ostean, atxilotu egin zuten erasotzailea, eta epaiketa azkar bat egin ostean, aske geratu dela esan dute. “Babes neurriak jarri dizkiote emakumeari eta 300 metroko urruntze agindua erasotzaileari”.