Cikautxok mundu mailan lortu duen presentzia eta euskararekiko daukan konpromisoa goraipatu dituzte
Cikautxoren 50. urteurren ekitaldi nagusia egin da gaur [azaroak 19] kooperatibak Berriatuan daukan egoitzan. Besteak beste, ekitaldian parte hartu dute IƱigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia sailburuak, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta eskualdeko hainbat alkatek.
Hasiera hasierako balioei eutsiz eta “berrikuntza maila oso altuagaz”, automozioaren mundu mailako merkatuan Cikautxo Taldeak “posizionamendu bikaina” lortu duela esan du IƱigo Laskurain Cikautxoko zuzendari nagusiak kooperatibaren 50. urteurren ekitaldi nagusian. Horrez gain, 1971. urtetik gaur arte Cikautxok euskararekiko eduki duen konpromisoa balioan jarri dute Laskurainek eta IƱigo Urkullu Lehendakariak. “Zoragarria da azalpen guztiak euskara hutsean entzun ahal izatea”, esan du Lehendakariak.
Laskurainek esan du “harrigarria” dela ikustea 1971.urtean “lagun talde batek” martxan jarritako enpresa proiektua zertan bilakatu den. Hasierako taldea “txikia” izan bazen ere, “ausardia, gogoa, kemena eta talde konpromisoa” erakutsi zutela azpimarratu du. “Inguruan lana eta aberastasuna sortzeko helburuagaz jaio zen proiektuak gaur egun 240 milioi euro fakturatzen ditu hiru kontinentetan banatutako zortzi lantegitan”. Eta lortu duen guztia euskaratik eta euskaraz izan dela azpimarratu dute Laskurainek, Urkulluk eta IƱigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak.
50 urteko ibilbidean Cikautxok unean uneko egoeretara eta berrikuntzetara egokitzeko edukitako gaitasuna ere azpimarratu dute. “Material desberdinen gaineko ezagutza garatu dugu, nahasketak fabrikatzeko bere garaian egin zitekeen instalazio aurreratuenaren inbertsio erraldoia egin genuen, bai eta kautxo mundutik plastikoa prozesatzeko teknologietara migratu ere”. Eta hori guztia bazkide fundatzaileek ezarritako baloreei jarraiki egin dela esan du Laskurainek.Ā Hain zuzen ere, balio horiek azpimarratu ditu Urkulluk: “Gizarteagaz, inguruagaz eta pertsonekin konpromisoa erakusten duen kooperatiba da Cikautxo”.
Hurrengo belaunaldiei ere enpresa “egoera onean” eman nahi dietela nabarmendu dute. “Horretarako ekintza berriak eta berrikuntza proiektuak garatzen ari gara”
Ibilbide osoan erakundeen babesa eduki dutela esan eta Mondragon Korporazioari aipamen berezia egin dio, “bidelagun eta bultzatzaile” izateagatik. “Cikautxoko langile eta bazkideen ahalegina izugarria izan da erronkei aurre egiteko. Eredu horrek bidea eman digu gure balore kulturalak Europan, Amerikan eta Asian zabaltzeko”. Arlo horretan, Urkulluk esan du lehiakortasuna irabazteko eta “kalitatezko enplegu berriak sustatzen jarraitzeko” lankidetza publikoa eta pribatua uztartu egin behar direla.
Gaur egun Cikautxo Taldearen finantza egoera “indartsua” dela eta merkatuan kontratu berrien “kopuru handia” lortu duela gaineratu du. “Pandemia urtean gure kontratu berrien errekorra lortu genuen eta aurreikusitako emaitza eta kudeaketa plana bete ditugu. Langile eta bazkideok pozik eta harro gaude gure aurrekoek guri emandako lekukoari eusten diogulako”. Hori esanda, hurrengo belaunaldiei ere enpresa “egoera onean” eman nahi dietela nabarmendu du. “Horretarako ekintza berriak eta berrikuntza proiektuak garatzen ari gara, Cikautxo transformatzen jarraitzen dugulako”.
Andoni EgaƱa bertsolariak ere parte hartu du ekitaldian, eta harek nondik datozen inoiz ez ahaztea aholkatu die Cikautxo Taldeko kide guztiei
Cikatek teknologia berrien zentro propioaren gidaritzapean, taldeak 50 urteko transformazioari jarraipena eman beharko diola esan dute. “Gizarteak iraunkortasuna eskatzen du mugikortasunean, bai eta ibilgailu elektrikoa eta material eta energia iturri berriztagarriak erabiltzea ere. “Enpresa produktuak transformatu beharko ditugu, plastiko berriztagarriak eta bio-materialak erabiliz”. Mondragon Korporazioko presidente IƱigo Ucinek ere Cikateken garrantzia nabarmendu eta Korporazioa Cikautxotaz “harro” sentitzen dela esan du.
Andoni EgaƱa bertsolariak ere parte hartu du ekitaldian, eta harek nondik datozen inoiz ez ahaztea aholkatu die Cikautxo Taldeko kide guztiei. Eta aholku horri helduta, hasiera-hasierako balioie eutsiz etorkizuna irudikatzen eta ametsak errealitate bihurtzen jarraitzeko konpromisoagaz amaitu dute ekitaldia. “Ziurgabetasuna ez da aitzakia bidean aurrera egiteko. Etorkizuna eginkizuna da, eta horretan jarraituko dugu”.