Brouard eta Muguruza omendu eta haien ametsen alde borrokatzera deitu dute Lekeition
Santi Brouard eta Josu Muguruza omentzeko ekitaldia egin dute haien hilketaren urteurrenean. Udaletxe aurrean batuta, hilerriraino joan eta krabelin gorriak utzi dituzte Brouarden hilobian.
1984ko azaroaren 20an hil zuten Herri Batasunako kide Santi Brouard Herri lekeitiarra eta 1989ko egun berean Josu Muguruza bilbotarra. Urteurrenaren harira, lekeitiarrek Brouard eta Muguruza omentzeko ekitaldia egin dute gaur [azaroak 20], eta gertatutakoa ahanzturan ez erortzeko aldarria egin dute. “Eurak omentzea ez da soilik hemen elkartzea, baizik eta egunerokotasunean haien bien ametsak borrokatzea”.
Udaletxe aurrean batu eta hilerriraino abiatu dira 100 herritar inguru. Han, urtero modura, Eusko gudariak abestu eta krabelin gorriak utzi dituzte Brouarden hilobian.
Brouard eta Muguruza “Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskaldunaren aldeko proiektu politiko baten parte” zirela esan eta herritarrak egunerokotasunean Euskal Herriaren burujabetzaren alde lan egitera gonbidatu dituzte. “Konprometitu, antolatu eta borrokatu egin behar dugu. Hori barik ez da ezer posible. Eta hori herritik eta herritarrekin egin behar da”.
Gogorarazi dute azaroaren 20a Franco hil zen eguna ere izan zela baina frankismoak oraindik bizirik jarraitzen duela. “Ustezko trantsizioan, Espainiako estatuko aparato desberdinek arropak aldatu eta demokrata bihurtu ziren egunetik gauera”.
Egunerokotasuneko borroka horretan parte hartzeko, besteak beste ondoko ekimenetan parte hartzeko gonbitea luzatu dute: azaroaren 25erako mugimendu feministak antolatutako mobilizazioak, pentsio duinenen aldeko ekimenak, herri kultura berpizteko ekintzak, “ganorazko” osasun zerbitzu baten aldeko mobilizazioak eta Arantza Zulueta babestu eta zaindu.