Mikel Agirre Urrezko Aizkoratik kanpo geratu da
Josu Santamariagaz lehia estua eduki du ondarrutarrak, eta hamar segundogatik geratu da txapelketatik kanpo. Bi hilabetez min hartuta egon ostean, "lehiatzen egotea, eta maila onean egotea pozgarria" dela dio.
2021eko Urrezko Aizkolari Koparen (Urrezko Aizkora) kanporaketa jokatu zuten zapatuan Larraulen, eta Mikel Agirre ondarrutarrak ez zuen lortu hurrengo fasera pasatzea. Lehenengo sailkapenean Oier Larretxearen kontra aritu zen Agirre, eta hari irabaztea lortu zuen: “Oso pozik geratu nintzen. Aspaldian min hartuta egon naizenez, ez nuen espero lehenengo sailkapena pasatzea ere”.
Bigarren zatian, Josu Santamariaren kontra lehiatu zen ondarrutarra, eta hamar segundogatik geratu zen txapelketatik kanpo. 6 minutu eta 36 segundoko denbora egin zuen Santamariak, eta 6 minutu eta 26 segundokoa Agirrek: “Alkarregaz joan ginen, eta berak azken mozketan aurrea hartu zuen. Hor adartxo batzuk tokatu zitzaizkidan, eta hortxe aurrea hartu zidan”.
Agirrek irailaren hasieran kokzixa apurtu zuen, eta hilabete honetan bueltatu da plazetara. Azaroaren 14an Bizkaiko trontza mistoko txapelketa irabazi zuen Uxue Ansorregi bikotekideagaz, eta Urrezko Aizkoran egindakoagaz gustura geratu da. Halere, hain gutxigatik kanpoan geratu izanagatik “pena apur bat” geratu zaiola aitortu du: “Balorazioa oso positiboa da. Ia ez dut astirik eduki prestatzeko, eta orain, hain justu ikusita penatxoa hartzen duzu. Baina orain dela bi aste ezin nuen ezer egin, min hartuta nengoelako, eta orain, lehiatzen egotea, eta maila horretan egotea pozgarria da. Aspaldi irten barik egonda, irtete hutsa ere pozik hartu nuen. Gainera, beste batzuekin konparatuta denbora on batzuk egiteak asko poztu ninduen”.
Lasto botatzen. Hurrengo hitzorduak Bizkaiko eta Euskadiko Lasto Botatxe txapelketak izango dira Agirrerentzat. Abenduaren 11n eta 12an lehiatuko dituzte, baina oraindik ez dakite zein lekutan: “Zapatuan Euskadikoa izango da, eta domekan Bizkaikoa”.
Argitu duenez, jendea falta zutelako animatu da txapelketa horietan izena ematera. Aurrekoetan “maila politean” aritu izan da: “Bizkaikoan bigarren postuan ibili izan naiz, eta Euskal Herrikoan hirugarren postua ere egindakoa naiz. Hortxe ibiltzen naiz beti. Aurten ez dut ezer prestatu, eta betelana egitera noa. Oraingoan, Jose Martin Bustinza Tubi bueltatuko da Bizkaiko txapelketa, eta hark aurrea hartuko digu denoi”.