Edateko uraren kalitatea hobetzeko lanak egingo dituzte Ondarroan
Etxebizitzetara ailegatzen den uraren uhertasun arazoak saihesteko nahiagaz Gorozikako hornitegiko hondarrezko iragazki bat berrituko dute. Ia 180.000 euro inbertituko dituzte lanetan.
Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Ondarroako etxebizitzetara ailegatzen den uraren kalitatea hobetzeko asmoa agertu du; horretarako, hobekuntzak egingo dituzte ur horniduran. Zehaztu dutenez, edateko ura tratatzeko Gorozika auzoko hornitegiko 4 zenbakidun hondarrezko iragazkia berrituko dute. Erakundeak ia 180.000 euro inbertituko ditu hondarrezko iragazkia berritzen eta antzemandako akatsak konpontzen. Kontratuaren iraupena lau hilabetekoa da eta 177.648,22 eurokoa (146.816,71 + BEZ) da aurrekontua.
Lizitazioaren oinarrietan jasotakoaren arabera, hondarrezko iragazkietako bi aurrefabrikatutako hormigoizko plakez eginda daude. Plaka horien egoera txarrak iragazitako uraren eta iragazi barikoaren arteko nahasteka eragiten duela esan dute. “Gaur egun, hormigoizko hondarrezko bi iragazki daude Gorozikan; aire zabalean daude eta sifonamendu bidez garbitzen dira. Horien egitura horizontalak hondatuta daude, eta berritu egin behar dira. Iragazki horietako batek, 4 zenbakidunak, hainbat zulo ditu hormigoziko egituran, eta horrek ur iragazkiaren eta ur dekantatuaren arteko nahasketa eragiten du, uhertasun arazoak sortuz”.
Uhertasun arazo horiek saihesteko nahiagaz, iragazkietako bat berritu eta gaur egun dauden hormigoizko plakak eraitsi eta altzairu herdoilgaitzezko egitura metaliko batzuengatik ordezkatuko dituzte. Lanak egin ostean, iragazitako uraren kalitate parametroak hobetzeaz gain, iragazkiaren mantentze lanetan ere onurak egongo direla iragarri dute. Izan ere, iragazkiaren barrualdera sartzeko baldintzak erraztuko dituela esan dute.