Euskal animazioko filmak emango ditu Euskal Zine Bilerak
Pantaila Irekia espazioaren bidez ikus entzunezko beste egitasmo batzuei zabaltzen dizkie leihoak Lekeitioko zine bilerak, eta aurten Debako Animadeba gonbidatu dute.
'La Gallina Ciega' filmaren irudia. Gaur [azaroak 24] ere Euskal Zine Bileraren lehiaketako filmak ikusteko aukera egongo da Lekeitioko Ikusgarri aretoan 19:30ean, eta baita ere Internet bidez zine bileraren Online atalean. Euskal Zine Bilerak aurrera jarraitzen du, eta Lehiaketako filmez gain euskal animazioko filmak ere emango dituzte aurretik, bai aretoan zein Internetez.
Pantaila Irekia espazioaren bidez ikus entzunezko beste egitasmo batzuei zabaltzen dizkie leihoak Lekeitioko Bilerak, eta aurten Debako Animadeba gonbidatu dute. Debako Nazioarteko Zinemaldia ezagutzeko aukera eskaintzeagaz gainera, Animadebako kideekin solasaldian, Isabel Hergueraren La gallina ciega (7’) eta Alberto Gonzalezen Cirugia (2’) emango dituzte 19:00etan.
Horien ondoren, gaur emango dituzten lehiaketako filmak ondokoak izango dira:
- Subandila. Josu Martinez (18′). Sinopsia: 1940. Alemanek Frantzia okupatzen dute. Euskal Herriko Bizkarsoron, soldaduek Mixel eta bere ttanttak atzikitzen duten hotela errekisizionatu dute. Momentu berean, Hegoaldetik 1937tik geroz herrira etorriko euskaldun errefusiatuak desagertu egin dira.
- Memoria. Eukeni Arriortua (25′). Sinopsia: Alkizan, eguneroko lanetan murgildurik, Koldobika Jauregi sortzaileak inprobisaziotik abiatuta, artelanaren sorkuntza prozesuaren partaide egingo gaitu.
- Game Over. Ilune Diaz Pollacino (3’30”). Sinopsia: Familia bat autotxokeetan dabil dibertitzen, jolasa borroka bihurtzen den arte.
- 10 watt bakarrik. Oier Fuentes Mendizabal (15’). Sinopsia: 60ko hamarkadaren akaberan eta 5 urteren buruan, Arantzako irratiak bere azken emisioa egin behar izan zuen; euskaraz emititzen azken emisora izan zen. Teknologia berri hark herrian utzitako ondorioen zati handi batek han dirau, lurpean, pusketan eta galdutako uhinetan gelditzen diren arrastoez inguratuta. 10 watt bakarrik aurkitutako lorratz horiekin osatutako ikus-entzunezko bilduma da.
- Ostendene. Gorka Ezkibela Quintana (11’29”). Sinopsia: Nekane mendian isolatuta bizi den Ander bisitatzera doa asteburu baten. Iragan ilun batek haien erlazioa baldintzatu egiten du. Aspaldiko sekretuak azaleratzen doaz; denbora luzez isildutako berbak ateratzen, ezkuturik dutena estalgabetuz.