44. Euskal Zine Bilerak ikuslez bete nahi du Ikusgarri
Bere ohiko formatura itzuliko da aurten Euskal Zine Bilera, eta aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko ditu. Beste urte batez euskarazko ikus-entzunezkoak bultzatzen jarraitu nahi dute.
Azaroaren 20tik 28ra ospatuko den 44. Euskal Zine Bileraren nondik norakoak ezagutzera eman ditu gaur [azaroak 12] Lekeitioko jaialdiak. Euskal zinemaren 44. jaialdiak Ikusgarri zinema aretoa bete nahi du berriro, baina hurbildu ezin direnak ahaztu barik. Horiek ere jaialdiaren eduki batzuekin gozatzeko aukera edukiko dute Euskal Zine Bileraren web orrialdearen bidez. Hala ere, jaialdiaren atal guzti guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri zinemara hurbiltzea izango da, horrek izango baitu lehentasun osoa.
Jaialdiaren atal esanguratsuenak jarraitu ahalko dira, beraz, bakarrik, Internet bidez. Film laburren lehiaketa edota solasaldiak pantailaren bidez ikusi ahalko dira, mugikorrean, ordenagailuan edo telebistan. Euskal Zine Bileraren webguneak jaialdiaren informazio guztia bilduko du leku berean, eta jarraipena egiteko aukera emango du.
Atal guztiak. 44. Euskal Zine Bilerak aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko ditu, bere eduki guztiak hiru ataletan bananduz: Euskarazko zinema Sortu, Euskararen zinema Partekatu eta Euskal Zinemagintzarekin Saretu. Sortu atalak zinemaren esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak barneratuko ditu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia egongo da. Bestetik, Benito Ansola saria, eta azkenik, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzagaz sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko dute Zoom atalean.
Partekatu atala zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak osatzen dute. Alde batetik, Sail ofizialeko lehiaketa dago, eta bestetik, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada. Guztira, 20 film laburrek parte hartuko dute aurtengo lehiaketan. Filmak azaroaren 22tik 25era bitartean emango dituzte Ikusgarri aretoan eta Internet bidez.
[Ikusi SAIL OFIZIALEKO FILMAK]
Saretu atalean, azkenik, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko da harremanetan jaialdia. (H)emen elkarteagaz batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko dute; iaz estreinatutako Pantaila Irekia espazioan ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko diete eta, aurten, Animadeba jaialdia da gonbidatua; eta Atzo8 atalean, euskal zinema amateurrari buruz abian duten ikerketagaz jarraituz, zinemagileei eta haien filmei buruzko saioak antolatuko dituzte. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar, lagun eta zinemagile taldeari eskainiko diete atal hori. Gaineratu dutenez, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetzan jarraituko dute. Lankidetza horren bidez aukeratutako film bat ikusi eta solasaldia egingo da.
Lekeitioko Euskal Zine Bilera euskarazko ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatu da urte guzti hauetan, eta aurten ere horrela izatea nahi dute: “gure ama hizkuntzaren bidez zinema betetzeko ahalegina egingo da, zinemak mugitzen gaituelako“.