Osasun neurriak kontuan edukita egingo dute VIII. Errege Bideko Krosa
Proba domekan [azaroak 28] egingo da. 14 urtetik gorakoek 11:00etan hasiko dute lasterketa, Saturrarango aparkalekutik. 14 urtera artekoek, ostera, Arantzibian hasiko dute proba, 11:00etan.
Duela bi urteko ereduari jarraituta egingo da aurten ere Errege Bideko Krosa. Kirol proba Berriatuko Udalak eta Urepel kirol taldeak antolatuta dago, eta domekan [azaroak 28] egingo da. Egunean bertan izena eman beharko da, 09:30ean Berriatuan edo Saturrarango aparkalekuan; izen-ematea doan da.
14 urtetik gorakoek 11:00etan hasiko dute lasterketa, Saturrarango aparkalekutik. 14 urtera artekoek, ostera, Arantzibian hasiko dute proba, 11:00etan. Antolatzaileek esan dute duela bi urte modura Berriatutik Saturraranera joateko autobusa egongo dela. Autobusa 10:15ean aterako da Berriatutik.
Osasun egoera dela eta, antolatzaileek maskara erabiltzeko, segurtasun tarteak zaintzeko eta jende pilaketak saihesteko eskatu dute. Gaineratu dute proba amaitzen denean jan-edana egongo dela, baina janaria “bakarkakoa eta manipulatu gabea” izango dela azpimarratu dute.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete proba egiten lagundu dieten guztiei. “Eskerrak eman nahi dizkiogu Ondarroako Udalari eta bertako boluntarioei, sokatira taldeari eta bereziki Jabier Urrestiri, Berriatuko Udalari eta lagunduko duten herritar guztiei”.
Duela bi urtekoa. 2019an 108 herritarrek parte hartu zuten lasterketan, eta horien guztien artean Elzibieta Jaromiska eta Gaizka Garcia izan ziren lehendabizikoak helmugaratzen; 28 minutu eta 54 segundotan osatu zuen bidea Garciak, eta 38 minututan Jaromiskak. Bestetik, Argia Urrutiak eta Lander San Antonek osatutako bikotea izan zen helmugara ailegatu zen lehenengo bikote misto berriatuarra; bigarren urtez izan ziren lehenak helmugaratzen. Bikotea 36 minutu eta 42 segundotan ailegatu zen Berriatuko helmugara.