Ekitaldi "hunkigarrian" gogoratu dituzte Mutriku Sokatira Taldeko zendutako kideak
Pedro Alkorta 'Doistu', Angel Arrieta 'Errotabarri', Juan Luis Gandiaga 'Bisko', Ekaitz Salcedo, Jose Badiola 'Arteta' eta Sebastian Ituarte 'Isasi' omendu dituzte.
Azken urteetan zendutako Mutriku Sokatira Taldeko kideak omendu zituzten domeka [azaroak 28] goizean, Mutrikuko kiroldegian. Ekitaldi hunkigarrian gogoratu zituzten aurten hildako Pedro Alkorta Doistu, Angel Arrieta Errotabarri, Juan Luis Gandiaga Bisko eta Ekaitz Salcedo eta aurreko urteetan hildako Jose Badiola Arteta eta Sebastian Ituarte Isasi. Horiek gogoratzeaz gain, taldeagatik egindako guztia eskertzeko eguna izan zen domekakoa, eta eurekin bizitako hainbat une eta pasarte ere kontatu zituzten.
Hain zuzen, Arteta eta Isasi dira 2022an 50. urteurrena beteko duen taldearen sortzaileetako batzuk. Bi horiek eta Salcedo eta Bisko tiratzaileak izan ziren. Doistu, berriz, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeko entrenatzailea izan zen. Errotabarri, ostera, gizonezko taldearen entrenatzailea izan zen 2012tik 2016ra.
Ohorezko aurreskuarekin, lore eskaintzarekin, bertsoekin eta senideei oroigarriak banatuz osatu zuten aitortza ekitaldia. Halaber, omenduen kirol ibilbideari begirada egin zioten, argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoaren bidez.