Lehen mailako kontzertuak dakartza Xemeinera 'Musika Haizea' zikloak
Eñaut Zubizarreta biolontxelo jotzaileak irekiko du zikloa zapatuan [abenduak 4], eta Euskadi Brass metal taldeagaz itxiko dira emanaldiak domekan [abenduak 5]. Bi kontzertuak doan dira, baina gonbidapenak eskuratu behar dira udaletxeko kutxazainean.
Eñaut Zubizarretak irekiko du asteburuan Xemeingo elizan eskainiko den Musika Haizeak musika klasikoaren jaialdia. Kontzertu bi dakartza aurten zikloak, Zubizarretarena zapatuan [abenduak 4], 19:30ean, eta Euskadi Brass metal taldearena domekan [abenduak 5], 19:30ean baita ere.
Bi kontzertuak doan dira, baina edukiera mugatuta egongo denez, gonbidapena beharrezkoa izango da. Gonbidapenak udaletxeko kutxazainean eskuratu ahalko dira.
Zubizarreta biolontxeloa jotzen duen musikagile bat da. 2017. urtean Trigger ezizenez ezagutarazi zen euskal eszena musikalean. Bakarka, taldean zein bestelako artista batzuekin dihardu lanean, eta diskografia zabala du atzetik. Ganbara Abesbatzako Orkestran edo Arrasate Musikaleko Orkestran ere ohikoa da bere jarduna.
Biolontxeloarekin bide berriak zabaltzen dihardu gaur egun, mundu mailan biolontxeloa interpretatzeko dauden korronteak ezagutu eta Euskal Herrira ekarri, hemen ere jakintza horiek errotu eta harrobia sortzeko asmoz.
Errepertorio berezia. Zortzi kantako errepertorioa eskainiko du domekan Euskadi Brass haize-metalezko instrumentuez osaturiko musika taldeak. Bilbo eta Euskadiko orkestra sinfonikoko musikariek osatzen dute batez ere, taldea, baina musikari gonbidatuak ere izaten dituzte.
Errepertorio berezia eskaintzearren nabarmentzen da taldea. Domekan besteak beste, Suite de danzas (Gervaise/ Susato), Greenslesleeves (E,Howarth), Porgy ande Bess suite (G.Gershwin), Kolore Zortzikoa (Eneko Azparren), Romanian Folk Dances (B.Bartok), Grand Central (Jim Parker), Kraken (C.Hazell) eta The Gulding Star (R.Molla) eskainiko dituzte.