Aulesti, Munitibar, Markina-Xemein eta Mallabiko pilotariak, Master Goxuako finaleko protagonistak
Eneko-Ube, Legarra-Iñaki, Arrate-Onagoitia eta Zalduegi-Gisasola sailkatu dira finaletarako. Zapatuan [abenduak 18] jokatuko dira finalak.
Erabakita daude Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak antolatzen duen Master Goxua txapelketako finalak. Lau bikote heldu dira final handira: lehen mailan, Iñaki eta Legarra aulestiarrak eta Ube markina-xemeindarra eta Eneko munitibartarra; bigarren mailan, Onagoitia eta Arrate markina-xemeindarrak eta Gisasola eta Zalduegi mallabitarrak.
Joan den zapatuan [abenduak 11] jokatu ziren finalaurrekoak frontoi txikian. Lau finalerdiak oso lehiatuak izan ziren. Lehen mailako lehen partida Berasaluze-Malax eta Iñaki Legarra bikoteen artekoa izan zen. Gogor aritu ziren lau pilotariak, baina aulestiarrak hobeto jokatu eta finalerako txartela eskuratu zuten (18-14). Kategoria honetako bigarren partidan Ube-Eneko eta Varela-Unanue aurkitu ziren aurrez aurre. Irabazleek –Ube eta Eneko– hasieratik dominatu zuten partidua, eta zazpi tantoko aldeagaz gailendu ziren (18-11).
Bigarren mailako lehen partida, berriz, Laka-Eritz eta Onagoitia-Arrate bikoteen artekoa izan zen. 15-18 irabazi zuten bigarrenek. Bigarren mailako bigarren partida Igor Jaio-Aitxulua eta Gisasola-Zalduegiren artean erabaki zen. Mallabitarrek euren jokoa egiten jakin zuten, eta 18-10 irabazi zieten Jaiori eta Aitxuluari.
Master Goxuako finalak zapatuan [abenduak 18] jokatuko dira Markina-Xemeingo frontoi txikian. 16:30ean hasiko dira norgehiagokak lehenengo mailako lehiagaz:
- 1. maila: Eneko-Ube/Legarra-Iñaki
- 2. maila: Arrate-Onagoitia/Zalduegi-Gisasola