EAEko Fiskaltzak ontzat jo du ziurtagiriaren erabilera hedatzea
EAEko Fiskaltzak begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzaren eskaria, eta ontzat jo du ziurtagiria eskatzea ostalaritzan, kirol instalazioetan, zentro soziosanitarioetan eta zahar etxeetan.
EAEko Fiskaltzak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera, eta bat etorri da COVID ziurtagiriaren erabilera eremu gehiagotara zabaltzearekin. Eusko Jaurlaritzak joan den astean eskatu zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari ziurtagiriaren erabilera zabaltzeko ostalaritzara, gimnasioetara, zentro soziosanitarioetara eta zahar etxeetara, baldin eta azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 300 kasutik gorakoa baldin bada.
Fiskaltzaren ustez, ziurtagiria eskatzea beharrezkoa da kutsatzeak saihesteko; neurria «egokia» eta «proportzionala» dela deritzo. Fiskaltzaren oniritzia jasota, ikusteko dago EAEko Auzitegi Nagusiak zer erabakiko duen. «Helburua da osasun segurtasuna bermatzea eta horrelako establezimenduetan kutsatzeko arriskua murriztea. Neurria egokiena da pertsona guztien osasuna bermatzeko; izan ere, neurri murriztaileagoak hartzeak, hala nola itxierak edo edukiera mugak, ondorio negatibo handiagoa du», argudiatu du Fiskaltzak.