Isuntza hondartzako eraikina botatzen ari dira
Geratzen den lekuan hondartzara eta Mendieta ontziolara errazago iristeko sarrera bat egokituko dute.
Kostaldeak eta Itsas gaietako Ministerioak sailak hala aginduta, Isuntza hondartzaren amaieran dagoen eraikina botatzen ari dira. Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, naturguneak berreskuratzeko helburuagaz egindako lanak dira, eta hondartzari emango diote espazio hori ere.
“Eraikinak libre uzten duen gune hori hondartzaren erabilerara bideratuko da. Gunea aprobetxatuta hondartzara iristea erraztuko duen sarrera bat eraikiko da”, argitu dute.
Bide batez, esku hartze horregaz, Mendieta ontziolarako sarrera ere hobetzea nahi dutela esan dute, “erabiltzaileenganako zerbitzu hobea eskaintzeko”.