Magallanes-Elkano espedizioari buruzko hitzaldia emango dute Lekeition
Eguaztenean [abenduak 15] izango da hitzaldia Azkue aretoan. Parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik.
Lekeitioko Denboraren Bankuak antolatuta, Magallanes-Elkano espedizioari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu Fernando San Miguelek. Hitzaldi bi izango dira, lehenengoa eguaztenean [abenduak 15], eta bigarrena urtarrilaren 12an. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lehen hitzaldian espedizioaren sorreraz eta bere protagonistez ariko dira. Bigarrenean, aldiz, itsas bidaia azalduko du San Miguelek.
Magallanes eta Elkanoren espedizioa XVI. mendeko itsas espedizioa izan zen. Espedizio horrek, lurraren inguruko lehen bidaia osatu zuen. Espainiako Koroak hala eskatuta, Magallanes, nabigatzaile portugaldarra, mundua inguratu zuen lehen espedizioaren buru izan zen, 1519ko abuztuaren eta 1521eko apirilaren artean nabigatuz. Hala ere, 1521eko apirilaren 27an, Filipinetako Cebu uhartean izandako gudu batean hil zuten. Bere bigarren agintariaren, Getariako Juan Sebastian Elkano euskaldunaren, agindupean egin zuten itzulera Indiako ozeanoan zehar eta Esperantza Oneko lurmuturra inguratuz itzuli ziren Espainiara 1522an.
Hitzaldiak 18:00etan izango dira, kultur etxeko Azkue aretoan. Gaztelaniaz izango dira, eta parte hartzeko izena eman beharko da aldez aurretik 648 511 741 telefono zenbakira deituta edo Whats App mezu bat bidalita.