Martitzen arratsaldetik aurrera hartu daiteke txanda 11-9 urte bitartekoak txertatzeko
Eguaztenean [abenduak 15] hasiko dira umeak txertatzen. Esan dute lehentasuna edukiko duela Osakidetzaren webgunearen bidez txanda hartzeak.
Osakidetza eguaztenean [abenduak 15] hasiko da 12 urtetik beherakoak txertatzen. Esan dutenez, txertaketa “gutxinaka” egingo dute; lehendabizi 11-9 urte bitartekoekin hasiko dira. “Dauden dosien arabera, adinez jaisten joango gara, 5 urte dutenengana heldu arte”. Martitzen arratsaldean [abenduak 14] hasiko dira txandak ematen.
Esan dute lehentasuna edukiko duela Osakidetzaren webgunearen bidez txanda hartzeak. “Telefono lineak libre utzi nahi dira osasun arreta emateko. Baina, hitzordua plataforma horren bidez hartzeko arazorik izanez gero, osasun zentrora deitu ahalko da; deitzean, 1 tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko zaie”.
Hitzordua esleituta, txertaketa puntua zehaztuko dutela esan dute. “Nagusiki tarteko puntu bat izango da, baina, salbuespen kasuetan, txertoak osasun zentroetan ere eman ahalko dira. Gainera, hitzorduaren baieztapenarekin batera, bigarren dosia hartzeko eguna ere emango da; zortzi aste geroago emango da txertoa”.
Aurreikuspenen arabera, Pfizer markako txertoa emango diete, hori baita Europako Medikamentuen Agentziak oraingoz baimendu duen txerto pediatriko bakarra. “Mota horretako txerto gehiago jaso ahala, Osakidetza txertaketarako adina jaisten joango da, harik eta 5 urteko umeetara iritsi arte (5 urte beteta eduki beharko dituzte). Guztira, txertoa hartu behar duten 11 eta 5 urte bitarteko umeak 145.000 inguru direla diote. “Oraingoz, ez zaie txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hiletan COVIDa izan duten adingabeei; hau da, 5.600 pertsonari ez zaie txertoa emango”.