24 orduko Arinkatea egingo dute, joko paralinpiko inklusiboen alde
Munduko marka berri bat lortzeko erronka Basaurin egingo dute asteburuan, eta Jon Revuelta eta Jose Ignacio Malvido ondarrutarrek eta Josu Lekunberri mutrikuarrak parte hartuko dute.
Kirol egokituko Ascensores Bertako-Javi Conde klubak antolatuta, 24 orduko Arinkatean proba egingo dute asteburuan, Basauriko Artunduaga Kiroldegian, eta bertan parte hartuko dute Jon Revuelta eta Jose Ignacio Malvido ondarrutarrek, Josu Lekunberri mutrikuarrak eta Lekeitioko Tximista Atletismo Taldeko Markel Arano natxituarrak.
Hain zuzen ere, lehenengoz, atletismo egokituan diharduten atletak 24 orduz txandaka arituko dira , munduko marka bat ezarri nahian.
Joko paralinpiko inklusiboen aldeko ekimena da asteburukoa. “Mugimendu paralinpikoak jasaten dituen injustizia historikoekin amaitzeko momentua da. Desgaitasun intelektuala daukaten kirolariak zergatik daude hain gutxi ordezkatuta? Down sindromedun kirolariek zergatik ezin dute olinpiar jokoetan euren kategorian lehiatu?”
13:00etan hasiko dira zapatuan [abenduak 18], eta beraz, domekan [abenduak 19] ordu berean amaituko dute. Atletak animatzera hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.
Elkartasuna. Aringa-aringa egiten duten kilometro bakoitzeko, La Palma uharteko Brisas El Paso atletismo klubari “diru kantitate bat” emango dietela jakitera eman dute. “Natur hondamendi horien kontra ezin genezake borrokatu, baina gure babesa eta elkartasuna erakutsi diezaiekegu. Beti lagundu diezaiekegu ondo pasatzen ari ez direnei. Bertako-Javi Conde atletismo klub egokituaren filosofiaren parte da. Kirola ez da gizarte aberatsen kapritxo bat. Kirola gizarte baten osasuna eta garapena neurtzeko tresna bat da“.
Azaldu dute atletismo pista 3 metroko errauts geruzaren azpian geratu zaie, eta bertara joateko errepideak labak estali ditu. “Entrenatzeko islaren beste leku batera joaten dira, errautsen eta gas toxikoen ondorioz, euren bailaran ezinezkoa delako. Zoritxarrez, atleta guztiek ezin dute entrenatzan jarraitu, etxerik barik geratu direlako eta lekualdatu egin behar izan direlako”.