Enekok, Ubek, Arratek eta Onagoitiak jantzi dituzte III. Master Goxuako txapelak
Gaur [abenduak 18] arratsaldean jokatu dira Goxua Txapelketako finalak Markina-Xemeinen. Pilotazalez bete da frontoi txikia.

Pilotazalez bete da gaur [abenduak 18] arratsaldean Markina-Xemeingo frontoi txikia. Goxua Txapelketaren finalak zeuden jokoan, eta aurtengo txapeldunak nortzuk izango ziren jakin nahian elkartu dira bertan hainbat zale.
Lehen mailako txapelketa erabaki da hasteko. Eneko (Munitibar)-Ube (Markina-Xemein) eta Legarra (Aulesti)-Iñaki (Aulesti) bikoteak gogoz atera dira frontoi txikiko kantxara, baina, gaurkoan, Eneko eta Ube gehiago izan dira. 10 eta 0-ko abantaila atera diete Legarra eta Iñakiri hasieran, eta alde horri buelta ezin emanda ibili dira aulestiarrak. Horrela, azkenean, 11 tantoko aldeagaz irabazi dute Enekok eta Ubek (18-7).
Bigarren mailako partida, berriz, parekatuagoa izan da. Lau tantora, bost tantora berdinduz joan dira bikoteak, baina partidaren erdi aldera ihes egin dute Arrate eta Onagoitia txapeldunek. Zalduegi eta Gisasola mallabitarrak ez dute etzi eta 15-13 ere hurreratu dira. Baina markina-xemeindarrak ez zeuden galtzeko prest, eta mallabitarrek sakean egindako huts bat aprobetxatuta abantaila hartu eta partidaren jabe egin dira. 18-13 irabazi dute Arratek eta Onagoitiak.
Bigarren mailako finala amaitu eta berehala banatu dituzte txapelketako sariak Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek. Laguntza izan dute horretarako. Alex Aretxabaleta zinegotziak eman ditu sariak Markina-Xemeingo Udalaren izenean, eta pilotari profesional bi ere egon dira sari banaketan: Endika Uriondo Baiko pilota taldeko pilotari gizaburuagarra eta Aitor Elordi Aspe Taldeko pilotari mallebitarra.
Antolatzaileak “pozik” agertu dira txapelketagaz; pilotariak gustura ibili direla esan dute, eta datorren urtean ere antolatzeko asmoa agertu dute.














