Nerea Ibarzabal markina-xemeindarrak jantzi du Bizkaiko txapela
Joseba Etxebarriak eta Moisés Enbeitak jantzi diote txapela Ibarzabali; markina-xemeindarrak hunkituta hartu du txapeldunaren makila. Xabat Galletebeitia laugarren geratu da.
Gaur (abenduak 18) jokatu da Bilbao Arenan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, eta 874,50 puntugaz Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarra izan da irabazlea. Jone Uriagaz neurtu da buruz burukoan Ibarzabal, eta beretzat izan da garaipena. Lea-Artibaiko beste ordezkaria, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra laugarrena izan da (507,50 puntu).
Joseba Etxebarriak eta Moisés Enbeitak jantzi diote txapela hunkituta zegoen Ibarzabali. Aginte makila eta oroigarria ere jaso ditu. Sinestu ezinik eta pozik agertu da Ibarzabal. Gustura egindako lanagaz. Esan duenez, txapelketa honetan ariketaka joan behar dela ikasi du, eta gaur ere bere buruari eusten egon dela aitortu du. Txapela ohore handi bat dela beretzat esan du, batez ere Etxebarriaren eta Enbeitaren eskutik jasota.
Ia 4.000 lagun batu dira Miribillan, eta giro oso ona izan dutela azaldu du, esker onez. Amaierako agurrean hondoratu ez diren andre guztiak, eta loratzen diren arrakalak izan ditu gogoan:
Gure etxeko andre guztiak
nahi nituzke ohoratu
egoerarik gogorrenetan
ez direnak hondoratu.
Bizikideei bertso kideei
bihotzetik bost olatu
badago nundik jasoa eta
badago zer geroratu.
Muga, kartzela, harresi, ibai
galerak zelan kontatu
merkantzientzat bideak libre
ta pertsonak zokoratu.
Baña itzarrik mantentzen gaituzten
ideia horiei oratu
hormak higatu daitezkelako
ta arrakalak loratu.