Eguaztenetik aurrera eskuragai egongo dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saiorako sarrerak
Zozketan parte hartu zutenek turismo bulegoan erosi ahalko dute sarrera. COVID-19 ziurtagiria aurkeztu beharko da sarrera jasotzerakoan.
Ondarroako Udalak jakitera eman du abenduaren 30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskainiko duten Kuikui ikuskizunerako egin den zozketan parte hartu duten guztiek izango dutela sarrera. Udal iturriek azaldu dute zozketan ateratako sarrera kopuruaren besteko pertsona kopuruak izena eman duela zozketan, eta, horrenbestez, bertan parte hartu duten guztiek izango dituztela bermatuta sarrerak.
Zozketan parte hartu zutenek eguaztenetik [abenduak 22] aurrera turismo bulegoan erosi ahalko dute sarrera, 5 eurotan. “Ikuskizunera joango direnek nahitaez COVID-19 ziurtagiria aurkeztu beharko dute sarrera jasotzearekin batera”. Gogorarazi dute ez dagoela sarrerarik salgai zozketan izena eman ez zutenenentzat. Sarrerak jasotzeko hiru egun ezarri dituzte:
- Eguaztena [abenduak 22]: 17:00etatik 19:00etara.
- Eguena [abenduak 23]: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
- Abenduak 27: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.