Gabonetarako ospakizunetan gehienez ere hamar lagun elkartzea gomendatu du Osasun Sailak
Ostalaritza establezimenduetan sei lagun baino gehiago ez biltzea eskatu du. Urkulluk esan du «premiazkoa» dela kalean maskara erabiltzera derrigortzeko neurriak hartu ahal izatea.
Gabonetan COVID-19ak «aurrera egitea eragiten duten egoerak» ohikoak izaten direla argudiatuta, «gomendio bereziak» eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta «are zuhurrago jardutea» gomendatu die herritarrei. Besteak beste, eskatu die «ospakizunetarako talde egonkorra eta txikia» sortzea, gehienez ere hamar pertsonakoa edo bi familia unitatekoa. Ostalaritzako establezimenduetako mahaietan gehienez ere sei pertsona biltzea ere eskatu dute, eta, ahal dela, kanpoan. Topaketa handiak sor daitezkeen egoerak galarazteko ere gomendatu dute, horien artean aipatuta enpresetako afari edo bazkariak, kotilloiak eta jaiak. Pilaketa handiko beste zenbait gune ere aipatu ditu Osasun Sailak; esaterako, ikastetxeak, gurtza lekuak eta merkataritza guneak. Horietan «zuhurtziaz jokatzeko» eskatu die herritarrei.
Gabonetan izan ohi diren topaketetan ez parte hartzea eskatu die Jaurlaritzak, halaber, «arriskuko eta kalteberatasun handiko baldintzak» dituztenei, katarro edo gripe sintomak dituztenei, bakartuta daudenei eta COVID-19aren probaren emaitzaren zain daudenei.
Horrez guztiaz gain, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du «premiazkoa» dela kalean maskara erabiltzera derrigortzeko neurriak hartu ahal izatea, beharrezkoa den babes juridikoarekin. Halaber, neurri «bateratuak» hartzeko deia egin du, autonomia erkidego bakoitzaren «erabakien desberdintasuna» ez delako «egokia»; datorren asteazkenean eginen dute autonomia erkidegoen arteko bilera. Haren arabera, ezinbestekoa da neurriak hartu ahal izatea seigarren olatuari eta omikron aldaeraren mehatxuari erantzuteko.
59-55 urte bitartekoen txertoa. Bestalde, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du goizean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta aurreratu du 55 eta 59 urte arteko herritarrek txertoaren hirugarren dosia hartzeko Internet bidezko hitzordua hartu ahalko dutela martitzen arratsaldetik aurrera [abenduak 21].