Kalistenia zirkuitu bat eraikiko dute Ondarroan
Kirol azpiegitura berriaren helburua da norberaren gorputzaren pisuan oinarrituta ariketa egitea. Aurreikuspenak betetzen badira urtarrilean edo otsailean hasiko dituzte lanak.
Ondarroako Udalak aire zabalean ariketa fisikoa doan egiteko gune bat zabalduko du laster. Iragarri dutenez hainbat ariketa gune izango dituen eta adin guztiei egokitutako kalistenia zirkuitu bat eraikiko dute Arrigorri hondartza gaineko begiratokian; 12.000 euro (+BEZ) inguruko aurrekontua dauka proiektuak eta aurreikuspenak betetzen badira urtarrilean edo otsailean hasiko dituzte lanak. Datarik zehaztu ez badute ere, lanak astebete inguruan egingo dituztela aurreratu dute. “Epe hori betiere eguraldiak laguntzen baldin badu bete ahal izango da”.
Adierazi dute kirol azpiegitura berriaren helburua dela norberaren gorputzaren pisuan oinarrituta ariketa egitea. 110 metro karratu inguruko azalera izango du eta eta azpian kautxuzko geruza fin bat ere ipiniko dute, erorikoen ondorioz kolpeak eta min hartzea saihesteko. Espazio berean dauden eskulturak eta egiturak errespetatuko direla gaineratu dute.
Udal iturriek esan dute herriko gazte talde baten eskariz eraikiko dutela zirkuitua. “Proposamena aspaldi egin zieten udalari eta orain berau gauzatzeko momentu egokia dela ikusi dugu”. Proposamena egin dien taldeagaz elkarlanean adostu dute zein zirkuitu aukeratu eta hori non ipini. “Enpresa desberdinek egindako hiruzpalau proposamen eduki ditugu mahai gainean, eta gazte taldeagaz leku horretarako eta halako ezaugarriekin hauxe zirkuitua aukeratzea ikusi zen egokiena”.
Zirkuitua Arrigorriko begiratokian ipintzearen arrazoiak bat baino gehiago direla ere esan dute. “Zirkuitua hiruzpalau lekutan ipintzea pentsatzen aritu zen udala, baina Arrigorrikoa egokiena zela erabaki zen”. Herrigunetik gertu dagoelako aukeratu dute kokapen hori, baina, aldi berean, leku “diskretu” batean eta jendearen “begi bistatik babestuago” dagoelako ere bai. “Lekua hondartza gainean egonda iruditzen zaigu udako plan polita izan daitekeela kirol eta hondartza uztartzeko”.