Lizardi, Mutriku Arraun Taldea, Arreitunandia eta Andonegi saritu dituzte Mutrikuko Kirol Galan
Ekitaldiak arrakasta handia eduki duela azpimarratu dute udal iturriek; esan dutenez, aretoa erabat bete zen. 2020-2021 denboraldia kontuan hartuta, lau sari banatu dituzte.
Bederatzigarren urtez jarraian, herriko kirolari zein taldeei “merezitako omenaldia” egin nahi izan die Mutrikuko Udalak. Barikuan [abenduak 17] Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egin zen ekitaldian kirol munduan dabiltzan edo ibili diren herriko eragileei onespena eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sari baten bitartez. Ane Urkiri kazetari mutrikuarrak aurkeztutako ekitaldia “oso hunkigarria” izan zen. Arrakasta handia eduki zuela azpimarratu dute udal iturriek, eta esan dutenez, aretoa erabat bete zen. “Dena bikain atera zen”.
2020-2021 denboraldia kontuan hartuta, lau sari banatu zituzten. Horietako lehena Eneritz Lizardi Azpiazu puntistak jaso zuen; bigarrenez jarraian jaso du Kirolari onena saria. Oso gaztea baldin bada ere, hainbat sari jaso ditu. Aurten, esate baterako, denboraldi borobila egin du. Besteak beste, Binakako Munduko Zesta-Punta txapelketa irabazi du; Zumaiako taldeko Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarrarekin irabazi zuen txapelketa urrian.
Atzetik, Kirol talde onenaren saria banatu zuten. Mutriku Arraun Taldeak jaso du aurten saria. Denboraldia laugarren amaituta, denboraldi ederra egin du taldeak; tartean bandera bat ere lortu dute. Saria jasotzen hurrengoa Peio Arreitunandia txirrindulari ohia izan zen; Kirol ibilbide onena saria eman zioten. Orain arte egindako kirol ibilbide onagatik jaso zuen saria.
Azkenik, aipamen berezia IƱigo Andonegirentzat izan zen. Ekainean hil zen Andonegi, eta herrigintzan luze aritu zen; herriko kirol taldeak laguntzen egindako lana aitortu nahi izan zuten sariarekin. “Beti laguntzeko prest zegoen. Herri mailan kirol elkarte askoren logoak berak egin zituen. Eta kirol elkarteko horietako kirolarien fitxak egiterako garaian ere bera arduratzen zen argazkiak ateratzeaz”.