Pello Ulazia mutrikuarrak 'Aita hor dago?' liburua aurkeztuko du Mutrikun
Aurkezpena eguaztenean [abenduak 22] izango da, 18:30ean, Mutrikuko Zabiel kultur etxean; aurkezpena Arrate Urgana Mendizabalek gidatuko du. Liburuak aitatasuna, maskulinitatea eta zaintzaren inguruko gogoetak jasotzen ditu.
Ulaziak azaldu duenez, etxeko zaintza jardueretan aita batek edukitako esperientziatik idatzi du liburua: “Lau atal nagusitan banatuta dago: lehenengoan Malen Amenabarrek ilustratutako kontakizun txikiak jasotzen dira (Bizi-penak), bigarrenean zaintzaren estetika jorratzen da (aitatasuna, maskulinitatea eta zaintzaren inguruko saiakera formatuan), hirugarrenean argazkiak eta bideoak batu ditu, eta, laugarrenean liburuan agertzen diren terminoen «glosario estetiko politikoak» jaso ditu.
Ulaziak berak autoekoiztu du liburua, eta argitalpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Egile saria jaso du. Argitu du argitalpena abenduaren 8an Durangoko Azokan aurkeztu zuela, baina orain Mutrikun egingo duela aurkezpena.
Egileari buruz. Pello Ulazia Ibarzabal mutrikuarra Arte Ederretan Doktore eta BAM Irakasle Unibertsitate Eskolako Irakasle, artista eta arte ikerlaria da. Besteak beste, ondoko proiektuetan parte hartu du: Karea ikus-entzunezkoa proiektuaren esku-hartze artistikoa burutu zuen Donostiako Paseo Berrian (Koldo Almandoz eta Iñigo Salaberria zinemagileen lankidetzan), Eusko Ikaskuntzako XVII Kongresuan Innovación para el progreso social sostenible esparruan parte hartu zuen, eta 2013an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesarekin Nola egin arteaz? proiektua burutu zuen. 2016an Isilean erakusketa-jardunaldia burutu zuen Andoaingo Bastero kulturgunean. Azken horretan, Angel Toña Guenaga orduko Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta GizartePolitiketarako Sailburua, Izaskun Landaida Larizgoitia Emakundeko zuzendaria eta Haizea Barcenilla Arte Kritikaria eta EHUko Irakaslea izan zituen hizlarikide.