Valentzieraz argitaratu dituzte Ainhoa Elordi lekeitiarraren olerki batzuk
Munduko beste olerkigile batzuen idatziekin batera argitaratu dituzte olerkigile lekeitiarraren olerkiak. "Oso lan polita egin dute. Pozik nago".
Superna olerki liburuan argitaratu dituzte olerkigile lekeitiarraren olerkiak. Elordik azaldu du argitalpen horretan hizkuntza ezberdinetan argitaratutako olerkigileen idatziak argitaratu dituztela, tartean bereak. “Oso pozik nago. Ez nuen espero. Oso lan polita egin dute. Gainera, Valentzian ere arrakasta eduki duela eta jendeari asko gustatu ziaola esan didate”.
Elordi 2020an hasi zen Valentziako irrati kate bategaz kolaboratzen, eta olerkigile lekeitiarrak esan du hortik sortu zela argitalpenean kolaboratzeko proposamena. “Irratsaio horretarako gaztelaniaz egiten nituen olerkiak, eta irratsaioan irakurri egiten nituen. Gero, minutu gutxi batzuetan, olerkiari eta niri buruz edota oro har olerkigileei buruz hizketan aritzen ginen; solasalditxo bat egiten genuen”.
Elordiren olerkien bidez euskal kultura ezagutu nahi zuten Valentziako irratsaioaren egileek. “Nahiz eta nik valentzieraz ez jakin, itzultzaileari esan nion itzulitako nire olerkia irakurtzeko eta audio bidez bidaltzeko. Behintzat nola entzuten zen jakin nahi nuen. Olerkien soinua oso garrantzitsua da”. Eta emaitzaz gustura geratu zen lekeitiarra. “Plazer bat izan zen entzutea”.
Aurreratu du bere hirugarren argitalpenerako ere lanean ari dela. Dena dela, pandemia dela eta bigarren liburuaren aurkezpena egin barik geratu zela eta lehendabizi hori egingo duela esan du.
Elordik olerkien bi liburu ditu argitaratuta: Bizipenen olerki bilduma (2018) eta Bizirik nagoelako (2020). Eta argitalpen horietako olerki batzuk dira valentzieraz argitaratu dituztenak. “Olerkiak aukeratu, gaztelaniara itzuli eta bidali egin nituen”. Dena dela, valentzieraz argitaratu duten liburu horretan olerkigile lekeitiarrari buruzko aipamenak ere egin dituzte, irakurleek bera nor den jakiteko. “Liburu horretan beste idazle batzuek ere parte hartu dute, eta horri esker nik ere haiek deskubritu ditut”.
Pandemia heldu zenean, irratsaioa eten egin zutela esan du Elordik. “Gerora, baina, arduradunak deitu zidan eta esan zidan ea Joseba Sarrionandiaren olerki batzuk itzuliko nituen, eta horretan ari naiz orain”. Sarrionandia oso gustoko du lekeitiarrak, eta lan horretan gustura dabilela dio. “Kartzelako poemak liburua aukeratu dut, eta horretan nabil murgilduta”.
Hirugarren liburua, bidean. Dena dela, aurreratu du bere hirugarren argitalpenerako ere lanean ari dela. “Pandemiak eztanda egin zuen eta bigarren liburuaren aurkezpena ezin izan nuen egin. Eta nik beti diot norbere liburuak norbere umeak bezalakoak direla eta bakoitzari bere lekua eman behar zaiola. Beraz, lehendabizi bigarren liburuaren aurkezpena egingo dut, eta gero etorriko da hirugarrena”.