Berriatuak irabazi ditu nesken eta kadeteen Bizkaiko Zesta-punta Txapelketako finalak
Ihartek eta Maialenek nesketan eta Denisek eta Xubanek kadeteetan jantzi dituzte txapelak. Giro onagaz eta maila oneko partidekin gozatzeko aukera eduki zuten zesta-punta zaleek.
Domeka [abenduak 19] eguerdian jokatu ziren kadete mailako eta nesken arteko Bizkaiko Zesta-punta Txapelketako finalak Berriatuko Mendibarren frontoian. Giro ona izan zen nagusi, eta maila oneko partidekin gozatzeko aukera eduki zuten zesta-punta zaleek.
1go partidua nesken artekoa izan zen, eta horretan Ihart-Maialen (Berriatua) eta Erika-Arai (Markina-Xemein) bikoteak neurtu ziren. Gogor aritu ziren bikoteak, baina, azkenean, berriatuarrak gehiago izan ziren, eta 30 – 20 menderatu zuten Markina-Xemeingo bikotea.
Kadeteen finala jokatu zen ondoren. Jokin -Peru (Markina-Xemein) eta Denis-Xuban (Berriatua) neurtu ziren, eta berriro ere Berriatukoak izan ziren nagusi. 24-30 irabazi zuten Denisek eta Xubanek.
[Argazkiak: Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntza]