Berriatuko Udalak eskatu du "urgentziaz egindako murrizketak" bertan behera uzteko
Tokiko erakundeak gutuna igorri dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari. Murrizketak bertan behera uzteko eskatzeaz gain, "indartze neurriak" eskatu dizkio.
Egun bizi dugun “egoera larriaren” aurrean, “indartze neurriak eta urgentziaz ezarritako murrizketak” bertan behera uzteko eskatu dio Berriatuko Udalak Osasun Sailari. Gotzone Sagardui sailburuari bidalitako gutunean, egungo egoerari “presaz irtenbidea” eman behar zaiola adierazi dute udal iturriek. Lehenengo arreta indartzea eta aurrez-aurreko kontsultak berreskuratzea eskatu dute: “Osakidetzako lehen arreta gainezka dago, eta gure herritarrek inbertsio falta horren ondorioak egunero pairatzen dituzte. Berriatuko kontsultategia medikurik gabe dago egun askotan, eta gure herritarrak Ondarroara joan behar izaten dute medikuarengana”.
Abenduko “egun gehienetan” Ondarroako eta Berriatuko osasun zentroetan “hitzordu guztiak kendu” dituztela diote, bakarrik urgentziak artatuz: “Gure kontsultategian medikua egunero izan nahi dugu, gure herritarrek herrian bertan behar dituzten hitzordu guztiak errespeta daitezen”.
COVID ziurtagiria beharrezkoa izatearen neurria Eusko Jaurlaritzak erabakitakoa bada ere, udalen gain dagoen neurria dela gogorarazi dute
Horrekin batera, herritarrek test azkarrak astean behin doan egiteko aukera ematea ere eskatu diote Osasun Sailari, eta baita ere laborategiko zerbitzuak indartzea, frogen emaitzak “ahalik eta azkarren eskura” izateko. “Era berean, aztarnari gehiago jarri behar dira kutsaduren trazabilitatea ahal bezain arinen egin ahal izateko eta eteteko”.
Bestalde, zenbait establezimendu, leku eta ekintzetan–udal eraikin eta ekintzak barne– COVID ziurtagiria beharrezkoa izatearen neurria Eusko Jaurlaritzak erabakitakoa bada ere, udalen gain dagoen neurria dela gogorarazi dute, eta “inolako baliabide edota laguntzarik eskaini barik” hartu behar izan duten erantzukizuna dela zehaztu dute. Osasun egoerarekin eta hartutako neurriekin “kezkatuta” daudela eta neurri murriztaileekin pandemiari “ezin zaiola aurre egin” adierazi diote Osasun sailburuari.