Irisgarritasun Plana eguneratu dute Amoroton
Herriko bide eta eremu publikoak zein udal eraikinak bizilagun denentzako irisgarri izan daitezen, Irisgarritasun Plan berria zatika gauzatuko du datozen urteetan Amorotoko Udalak.
Idazketa fasea amaituta, azaroaren 25eko osoko bilkuran onartu zuten Irisgarritasun Plan berria Amoroton. Hain zuzen, 2003an egindako planaren eguneraketa da; Ingarte enpresak idatzi du, eta horretarako, udalak 16.927 euroko inbertsioa egin du. “Helburu nagusia da pertsona guztientzat irisgarriak izatea udalerriko uri-eremuko gune guztiak eta udalaren eskumeneko eraikin publiko guztiak. Horretarako, “zailtasun fisiko edota sentsorialak” dauzkaten herritarrei ahalik eta oztopo gehienak kenduko zaizkie.
“Momentuz plana egin eta ikusi nahi izan dugu irisgarritasun aldetik baldintzak betetzen ez dituzten puntuak zeintzuk diren, horietatik lehentasunak zehazteko”, azaldu du Ibon Gabiola Amorotoko alkateak.
Bide, gune zein eraikin publiko denak irisgarri bihurtu gura dituzte, eta udalak zatika eta epeka gauzatuko du datozen urteetan. Hain zuzen ere, datozen hamabi urteetarako hobekuntzak aurreikusten ditu txostenak. Beti ere, udalaren aurrekontuen eta eskuratu litezkeen diru laguntzen arabera egingo dituzte hobekuntzak. Hau da, aurrekontuek eta diru laguntzek baldintzatuta egongo dira: “Baliogarria izango da hurrengo urteetan, atalez atal, eremu eta eraikin publikoetan egin beharreko hobekuntzak egiten joateko”.
Plana egiteko, Elexaldeko eta Oletako uriguneetako bide publikoak, titulartasun publikoa daukaten eraikinak eta garraioagaz lotutako elementuak aztertu dituzte “xehetasun handiagaz”.
Irisgarritasun Plana osatzeko, 41 kale edo bide zati aztertu dituzte
Oinezko pasabideak. Irisgarritasun Plana osatzeko, 41 kale edo bide zati aztertu dituzte. “Modu batera edo bestera iriste erraztasun arazoak” dituztenak dira; kasu batzuetan espaloia falta delako, beste batzuetan espaloia zabaldu beharra dagoelako, edota barandak eta errepiderako arlanpak ipini behar direlako: “Guztira, ia 500 metro lineal dira nolabaiteko moldaketaren bat beharko dutenak hurrengo urteetan”.
Elexaldeko herrigune osoa espaloi bidez lotzea izango da udalaren lehentasuna
Oinezkoen pasabideetan oztopo diren 67 elementu zenbatu dituzte, bide seinaleak, kale argiak edo bestelakoak. Horiek lekualdatu edo ordezkatu beharra ikusi dute. Era berean, zaharberritzeko edo berregiteko beharra daukaten eskaileradun edo arrapaladun 14 gune aztertu dituzte.
Oinezkoen bideak hobetzerakoan, Elexaldeko herrigune osoa espaloi bidez lotzea izango da udalaren lehentasuna. Izan ere, gaur egun, oinezkoen pasabidea eten egiten da Leizkua paretik Kurutzondora, eta baita Torre inguruan ere. Horrez gain, Elexalde eta Urrutia auzoa espaloi bidez lotu ahal izatea ere komenigarria dela uste dute, horrela oinezkoentzako aisialdi eremu “segurua eta gozagarria sortuko” luketelako.
“Orain inguruko auzoak eta plaza lotzeko ez dago espaloi jarraiturik, eta zati batzuetan jendeak errepidera irten behar du. Hori lehentasuna da, baina momentuz ez dago proiekturik”, zehaztu du alkateak.
Udal eraikinak. 2003ko Irisgarritasun Planagaz udaletxeko eraikinean zenbait hobekuntza egin zituzten. Igogailua ipini, eta medikuaren kontsultategira sartzeko iriste erraztasuna bermatu zuten. Plan berria egiteko zazpi udal eraikin aztertu dituzte, eta datozen urteetan Kultur Etxean, frontoian eta herriko tabernan lanak egin beharko direla ondorioztatu dute. Frontoiaren kasuan, gaur egun martxan dagoen proiektuaren barruan jasota daude frontoiko gune guztiak irisgarri izateko moldaketak. Hain zuzen ere, orain arte frontoiko komun publikoetara eta aldageletara joateko eskailerak jaitsi behar ziren, eta hilabete honetan lanak amaituta, iriste erraztasun baldintzak beteko dituzte.
Oletako markesina. Herriko autobus geltokietan markesinak ipintzea izan da azken hilabeteotan iriste erraztasun arloan udalak egin duen inbertsio nagusietako bat. Ildo beretik, Oletan markesina ipiniko dute, eta geltokia bera lekuz aldatuko dute, “bidegurutzetik oso hurbil dagoelako”.
Ibilgailuetako gidarientzat ikusmena zein oinezkoen segurtasuna hobea izateko helburuagaz metro batzuk mugituko dute. “Aldundiagaz eta Bizkaibusegaz egin beharreko izapideak amaitu dira, eta Oletan autobusari itxaroteko aterpea egongo da, aldundiko Garraio Sailagaz lankidetzan. Markesina bakarra ipiniko da eskolaren aldean, beste aldean mendiaren malda biderainokoa baita”.
Zebrabide berria eta autobus geltokiaren marka berriak ere ipiniko dituztela zehaztu dute. Bestalde, gaur egun mugikortasun urria daukatenentzako lau ibilgailurentzako aparkalekuak bereizita daude, eta planean aurreikusi dute Oletan beste aparkaleku bat sortzea, eta aurretik daudenak margotzea.