Lehen arreta bermatzea eskatu diote Osakidetzari
SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte langileek; murrizketak salatzeko Osakidetzako langileek burutu dituzten mobilizazioekin bat egin dute hainbat eskoletako langile, herritar eta eragilek.
Osasun langileek bizi duten egoera salatzeko eta “berehalako konponbide errealak” eskatzeko, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte gaur [abenduak 22]. Osakidetzako Lehen Mailako Arretako osasun zentro guztietan batu dira 13:00etan; zenbait herritarrek eta eragilek ere deialdiekin bat egin dute.
Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera “jasanezina” dela diote sindikatuek, bai langileentzat, bai herritarrentzat, eta pandemiak are gehiago tenkatu duela “lehen ere hilzorian zegoen” asistentzia maila horren egoera. Arazoak “egiturazkoak” direla azpimarratu dute, egungo osasun-krisia baino “askoz sakonagoak eta zaharragoak”.
Hala ere, pandemiak kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia kalitatea “are gehiago prekarizatzeaz” gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko “aitzakia” bihurtu duela salatu dute. “Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik ezarekin eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan karga handitzearekin batera, soken aurka jarri du Lehen Mailako Arreta. Lehen Arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID-19arekin egiturazko defizita estaltzen jarraitzen du”. Baliabide materialak eta profesionalak falta direla adierazi dute.
Aipatutako “arazo larriak” konpontzeko Eusko Jaurlaritzak ez duela pausorik eman zehaztu dute. Lehen Mailako Arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat beharrezkoa dela uste dute: “Premiazkoa da arazo larriak konpontzea: aurrekontua handitzea EBren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); aldi baterako milaka langileak finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan kargak arrazionalizatzea eta absentzia guztiak lehen egunetik ordezkatzea”.
Bide beretik, hezkuntzako sindikatuek egindako deialdiari erantzunez, Lekeitioko eskola aurrean eta Markina-Xemeingo Bekobenta eskolaren aurrean batu dira bertako irakasleak. Osakidetzako murrizketek sortutako lana zuzendaritza taldeetan egin behar dutela esan dute LAB Irakaskuntzatik, eta hezkuntzako langileak, birusarekin etengabeko harremanean daudela-eta, “osasun egoera larrian” daudela. “Eskoletan Nahikoa da! esateko momentua iritsi da. Pandemiak sortu eta Jaurlaritzaren utzikeriak areagotutako egoera honi amaiera emateko ordua da. Langileok berehalako zuzentze neurriak eskatzen ditugu. Izan ere, nahikoa lan dugu pandemiaren eragin pedagogikoa gainditzen, zer eta Osakidetzan eman diren murrizketek sortutako lana ere zuzendaritza taldeetan burutu behar izateko”.
Ikastetxetako kasu positiboen jarraipenik “ez dela egiten edo berandu egiten” dutela salatu dute Lekeitioko eskolakoek: “Positibo horien kontaktuak hezkuntza zentroetan daude zortzi egunez bizitza normala egiten eta gaixotasun hedatzen“. Ikastetxeetako positiboen kopuruen berririk ez daukatela zentroetan diote, eta baheketen protokoloa ez dutela martxan jarri: “Eta listu bidezko frogak ez daude”.